2021-09-14 20:26

Talibanen itzulera ulertzeko, lehenbizi ikuspegi eurozentriko eta sinplistetatik ihes egitea komenigarria da, gertakariaren ikuspegi manikeoak baztertuz. Gaur egungo egoerak hainbat faktoretan dauka jatorria. Horien artean, nagusienetakoa taldearen sorreraren testuinguruan datza.


1978an, Afganistan feudalismoaren miseriatik ateratzeko asmoarekin, Saurgo iraultza gauzatu zuten. Lehendik ere, 50eko hamarkadan, SESB eta AEB, lurralde horren abantaila geoestrategikoaren balioa buruan, aldaketa sustatzeko laguntza ekonomikoa helarazten hasiak ziren. Diru horrek hezkuntza sistemaren bultzada eta, ondorioz, ordura arte nekazariak izandakoen heziketan inoiz ez bezalako eragina izan zuen, baita emakumeen artean ere. Baina hamarkadetan zehar ezkutuan gordetako lur-jabeen eta gobernuaren aurkako grina ere gori-gori zegoen, eta ezinegon horrek oinarri sozial indartuarekin egin zuen topo. Aurkakotasun hori, oro har, antolaketa politikoari zegokionez, korronte bitan zegoen banatuta: komunista eta islamista.


Hezkuntzaren hedapena garrantzitsua izan bazen ere, egoera materialak ohi bezalako banaketan jarraitzen zuen, gobernuaren ustelkeriaren zela eta. Horren aurrean, joera komunistako kideek gobernua hartu zuten, SESBren laguntzarekin. Orduko Mohammed Daoud-en agintaldiak, ordea, ezer gutxi aldatu zuen; are gehiago, komunisten kontrako ekintzak ere burutu zituen. Hala, 1978ko Saurgo iraultza hartan, Daoud boteretik kendu zuten boterera heltzera lagundu zuten berberek. Iraultza hari esker, nekazal erreformak ezarri ziren lur-jabeen lurrak birbanatzeko, eta emakumeen zapalkuntzaren sinboloa zen walwar ezkonsaria ere indargabetu zuten, besteak beste. Horrek guztiak, ordea, musulman ortodoxoen haserrea eragin zuen. 


Tradizioaren zaindari eta erresistentzia-gaitasun handiko guneetan indartsu, islamistek nekazal guneetan eta mendialdean hasi zuten gobernuaren aurkako mugimendua. Mugimenduaren presioaren ondorioz, gobernu komunistak lurraldearen kontrola galdu zuen, eta biolentzian ikusi zuen aukera bakarra. Era berean, komunistak zatitu egin ziren, SESBren erasoaren hasierarekin batera, 1978an bertan. Zazpi urteko gerra-garaiari hasiera eman zitzaion, gerra zibila lehertu zen, Gerra Hotzaren testuinguruan. 

“Komunismoaren aurrerakada” saihesteko, AEBetako CIAk, Saudi Arabiako eta Pakistango inteligentzia zerbitzuekin batera, Afganistango islamismoaren alde egin zuen arlo militarrean. Gatazka armatuak eragin zituenen inguruko zenbaki fidagarririk ez dagoen arren, 15 milioitako biztanleriaren bi heren erail, zauritu edo lekualdatu direla estimatzen da.


Gerra amaitu eta SESBren armadak atzera egin bezain laster, AEBek ordura arte babestutako talde islamisten laguntza bertan behera utzi zuen. Hondamena erabatekoa zen; boterea lortzeko barne-gatazkek etengabeko gerra egoera eragin zuten. Gainera, CIAk eta Pakistango inteligentzia zerbitzuak bultzatutako opioaren negozioak arrisku maila areagotu zuen. Atzerriko indarren presentziarik gabe, gerra osteko Afganistanen, klase-harremanei zegokionez, lur-jabeek utzitako hutsuneak bete zituzten guda-jaunen esanetara geratu ziren, eta lerro politiko edo ideologikoak baino, eskualde bakoitzaren mesedetan zihoan talde lokalarekin lerrokatu ziren.


Bien bitartean, talibanek (paxtuneraz, “ikasleak”), kaosa “txukuntzeko” formula topatu zuten. AEB eta Pakistango inteligentzia zerbitzuen laguntzarekin, Pakistanera lekualdatutako hainbat afganiarrek, gehienak errefuxiatuak, armadaren soldaduen lerroak osatu zituzten, eta handik hasi zituzten 1994an erasoak. Talibanen buruzagitzak, gehienbat nekazal guneetatik eratorritako mullah-k, iraganeko inbasio, esku-hartze eta inposizioen oroimenari helduz, legea eta usadioaren ordena eskaintzen zuen, alegia, Islamaren bertsiorik zurrunenetarikoa izango zena: emakumeen hezkuntza gaitzetsi baina aurreko mandatariek baimentzen zituzten gehiegikeriak onartuko ez zituen Islama eta chauvinismo afganiarra konbinatzen zituen ideologia. Beraien etsaien etsaiak izandakoak, alegia, AEBetako interes inperialistak, ordena honen aldekoak ziren; itxaropena argia zen: Erdialdeko Asiatik Iran eta Errusia saihestuko zituzten petrolio-hodiak eraikitzea.


Denborarekin, ordea, lurraldearen erabateko kontrola eskuratzen ez zutela ikusita (batez ere iparraldeko Hazara taldearen erresistentziagatik), AEBek interesa galdu zuten. Atentzioa Golkoko Gerran jarri behar izan zuten eta, orduko ekintza militarrek izaera inperialista agerian uztearekin batera, Ekialde Hurbil zabaleko mugimendu islamistek irain horien guztien inguruan antolatu zituzten antolakuntzarako indarrak. 2001eko irailaren 11an, segurtasun globalaren paradigma berriaren ateetan, Osama bin Laden, ekintzotako buruzagitzat zuten gizona ehizatzeko, AEBetako indar armatuak eta NATOk Afganistan inbaditu zuten.


Iraganean britainiarrek eta sobietarrek ikasi zuten bezala, AEBek ere ikusi dute Afganistan okupatzea posible bada ere, inperioen hilerriaren kontrola luzarorako mantentzea ezinezkoa dela. Zintzotasun ateraldi batean, AEBtako presidente Bidenek berak onartu du Afganistango demokraziak axola ez diela (petrolio-hobiei buruzko aipamenik ez, ordea), eta beraz, badoazela bueltan planetaren beste puntara, porrotaren dolua, atsekabea eta umilazioa pairatzera, eta baita geroz eta posibleagoa den isolazionismoari aurre egiteko neurrien inguruan pentsatzera ere.


20 urte iraun dituen etengabeko “terrorismoaren kontrako gerra” honetan, gerraren pribatizazioaren  eta armada pribatuen goraldi kezkagarriaren azken hamarkada honetan, besteak beste, 15.000 hildako baino gehiago eragin dituzte Mendebaldeko indarrek; gobernuaren kontrako indarrek (talibanak buruan), 24.000 baino gehiago. Talibanek eskuratu dute agintearen kontrola, baina Barne Produktu Gordinaren %43a nazioarteko laguntzaren baitan dagoela ikusita, denbora luzea beharko dute likideziaren eskasiari eta inflazioaren eraginei aurre egiteko. Horren guztiaren jakitun, agian, azken bi hamarkadetan ikasitakoak praktikan jartzen ari dira talibanak. Euren ideologia ez dela kaltegarria proiektatu nahian ari dira, komunikabide-tresnetan iaioagoak direla… Anbibalentzia estali nahian, baina (oraingoz) ezinean; informazioarena gerra modernoaren atal zatiezina dela ulertzen dute. 


Jakinekoa da Eurasiaren kontrola giltzarria dela mundu-mailako hegemoniari begira eta, AEBen interes ekonomikoen ordezkari izan daitezkeen Txina eta Errusiaren gurariak betetzen trebetasuna adierazten badute, protagonismo paregabea lor dezakete talibanek, Zetaren Bide Berriaren proiektuarekin eta Mendebaldearen eragina inguratuz. Bitartean, beraienaren gisako islamismoarentzat bultzada dakar Afganistango gobernua eskuratu izana.


Mendebaldean, sortutako zalapartak telebista eta lerroburuen lehenengo fasea bukatu ostean, ebakuazioetan erakutsitako adorea eta humanismoa mantentzearen asmoa argi utziko dute hemendik aurrerakoek. Izan ere, errefuxiatuen olatu berri honek beste olatuekin egingo du bat, Mediterraneo Itsasotik datorrenarekin, Kanariar Irletakoarekin, Ceutakoarekin eta, Frantziara heldu nahian, Irunen geratzen denarekin. Finean, mekanismo eta biolentzia fisiko eta legal desberdinen bidez uko egiten diegun horiekin alegia. Bitartean, normaltasunean bideratuko dituzte Europako estatuek talibanen edo antzerako politikak babesten dituzten Saudi Arabiarekin burututako armen negozioa edota Qatarren ospatuko den futbol mundiala.


Gure esku dago lekualdatze horien guztien azpian dauden oinarriak salatzea, hain zuzen ere, halako errealitateak eragiten dituen kapitalismoak, kolonialismoak eta inperialismoak ekartzen duen miseria, patriarkatuaren itomena, bizitzaren aurkako politika eta negozio ustelak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Euskal Herriko erakunde internazionalista