2021-09-23 07:22

Etxe barruko perspektibatik pixka bat atera eta begirada zabaldu nahian, ARGIAren komunitateko zenbait kideren iritziak ere bildu nahi izan dituzte, ARGIAk proiektu bezala dituen indarguneak eta hutsuneak zein diren identifikatzeko (arg. Dani Blanco)

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Nahiago nuke bihar, balitu dobliak! Ez luke barkamenik, balitu erdiak! Pixka bat moldatuta hitzak, baina zein ondo sartzen den Tapia eta Leturiaren ‘Aritmetika arazoak’ kanta. ARGIA hasi da, urtero urte garai honetan bezala, Argia Jende gehiago erakartzeko ahaleginetan. Aritmetika kontuak hauek ere.

Urte osoan zehar egiten da saiakera ARGIAko kideekiko harreman hori lantzeko, baina urte amaiera berezia izaten da; Durangoko Azoka eta Eguberri giroa tarteko. Oroituko dituzu ziur, irakurle, umore klabean sare sozialetan zabaldutako #Darpidegu mezuak edo “memeak”. Kanpaina arrakastatsuak. 2016an egindako harpidetza eredu aldaketari esker ere (nahi duzuna ordaindu eta nahi duzuna jaso) bultzada nabarmena lortu zen komunitatearen partetik.

Kanpaina hauek prestatzeko Argia Jendea lantaldea dago eta aurten aurrelan sakon bat egin nahi izan dute. Lantalde osoarekin partekatu dituzte iritziak eta ideiak asanblada orokor batean. Baina etxe barruko perspektibatik pixka bat atera eta begirada zabaldu nahian, ARGIAren komunitateko zenbait kideren iritziak ere bildu nahi izan dituzte, ARGIAk proiektu bezala dituen indarguneak eta hutsuneak zein diren identifikatzeko helburuarekin. Galdera bat planteatu zaie: nola sentitzen duzue zuek ARGIA proiektua eta nola uste duzue sumatzen dela zuen inguruan?

Talde osoko lanketa horretatik ateratako ideiak eta komunitateko kideen erantzunak benetan aberasgarriak izan direla azpimarratu dute lantaldetik. “Pista asko emango dizkigute aurrera begira lan egiteko moduan”. Erantzunetan denetariko iritziak daude eta hori da interesgarria. Guk ezin artikulu honetan bildu, baina entresaka txiki bat egin dugu:

“…Ideien faktoria bat da niretzat eta bizipenen erakusleiho horizontala”

“Kazetaritza banala eta sentsazionalista ez izatea asko eskertzen dut”

“Batzuetan erraza da karikatura egitea, gertuko zaigunontzat bihurtu daitekelako autokontsumorako zerbait, ondo legoke tokia egitea ‘manualetik’ ateratzen diren ahotsei…”

“Hausnartu beharko litzateke nola ez baztertu jende helduaren interesak aldizkaritik, gazteen zerbitzura egoten utzi gabe…”

“Ez da soilik informazioa, irakurlearen aktibazioa eta kritika sustatzen ditu ARGIAk”

The post Zenbat maitale ditu gaur astekariak? appeared first on ARGIAren barrenak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.