2019-03-01 12:14

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Ikusi al dituzu Zeruko Argiako Xantzi Zabalaren bertsoak, irakurle? Ezagun al duzu Xanti Zabala? Nik, aitortu beharra daukat, orain arte ez nuen aditzerik. Ez naiz bertsozale sutsua, ez dut gehiegi maite txapelketetara joatea –eta mesedez, ez nazatela gurutziltzatu BEC-era joateko sarrerak hiru hilabete lehenago erosten dituzten bertso-fans-ek–. Baina piztu dit interesa 2012an zendutako bertsolari honen omenez Hondarribian antolatu den kantaldiak.

Ezaguna da Txingudi bueltako bertso munduan Zabala sendia. Xanti bera lauzpabost urtez Txingudiko bertso-eskolan irakasle ibilitakoa zen, eta seme gazteena ere, Abel Zabala, eskolak ematen aritzen da, kantatzeaz aparte. Bertso idatzietan ondare handia utzi zuen Xanti Zabalak, eta berak ezagutu ez bazuen ere, 2013an bere bertsoekin osatuta Auspoa argitaletxeak argitaratutako Udaberriz liburuan oinarritu dute kantaldia. Eskualdeko bertso-eskoletako kideek eta inguruko lagun eta ezagunek bertso-bilduma horretatik berreskuratutako 14 bertso-sorta abestuko dituzte. Bertan izango dira ARGIAko kazetariak ere, Zeruko Argian eta ARGIAn idatzita utzitako sorta bat kantatzeko intentzioz.

“Omenaldia prestatzeko liburu osoa zukutu dugu, eta kantaldiari begira Xantiren bizitza islatzeko bertso-sortak hautatu ditugu”, adierazi digu Aitor Errazkin antolatzaileetako kideak. “Bere bizitzako ibilbidearen bilduma da Udaberriz, eta guk horretan oinarrituta ibilbide horren laburpen bat egin nahi dugu kantuz”, jarraitu du. “Landutako gai desberdinak aukeratu ditugu, eta teknikoki aztertuta guri egokienak iruditu zaizkigun bertsoak”, dio. “Zorrotza zen bertsokeran, eta errimaren zorroztasunera makurtzea gustatzen zitzaion”, azaldu du Errazkinek, “garaiko gai sozialak landu zituen bere bertsoetan, eta erritmo, errima eta doinuen azpian gordeta utzi zuen bere pentsaera”.

Eskualdeko bertso eskolek antolatu dute martxoaren 16ko emanaldia. Lezoarra sortzez, Irunen bizi izan zen Xanti Zabala; eta omenaldia Hondarribiako Itsas-Etxea auditoriumean egingo zaio, arratsaldeko 18:30etik aurrera.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.