2019-10-23 15:45

[Miren Osa Galdona] Erronka handia izan dira ikus-entzunezkoak ARGIArentzat, baliabideetan inbertsioa eta lan egiteko moduan aldaketa eskatzen baitute. Hitzetik Hultzera izan zen ARGIAk egindako lehen web telebista saioa, 2009an. Bertsolari Txapelketa Nagusiari jarraipena egin zioten bost programa xumetan. Info7 irratiarekin elkarlanean egina, Agin Laburuk eta Estitxu Eizagirrek aurkezten zuten eta Axier Lopezek grabatu eta editatu. Ondoren etorri zen ARGIAren web telebista saio izarra izan den Beranduegi, gaurko artikuluan aztertuko duguna. Honen ostean, 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusia jarraitzeko Damutuko Zaizute saioa jarri zuen martxan ARGIAk, Hernaniko eta Oiartzungo bertso eskoletako gazte koadrila baten eskutik. 2017ko Txapelketa Nagusia jarraitzeko, aldiz, formatoz aldatu eta Zautela saioan elkarrizketa pausatua egin zien Kattalin Miner aurkezleak bertsolariei.

Goiko bideoan, Hitzetik Hultzeraren lehen saioa eta behean Damutuko Zaizuteren bigarrena:

Behean, Zautela elkarrizketa programa:

Beranduegi

2011 zen, eta orduan ere, euskaraz egindako saio umoretsuen gabezia handia zegoen. Erredakzioko baliabide xumeekin ekin zioten aktualitateak lehen lerroan jartzen zituen gaiak astintzeari, albisteak ironiaz, zorroztasunez eta txiste txarrez josiz. Politika eta gizarte gaiak ez ezik, bestelako sekzioak ere baziren lehen saioetan, ARGIAko blogariek egiten zuten “podcast” formatuko atal berezia, esaterako.

Axier Lopezek grabatu eta editatutako saioek aurrera egin ahala, elementu berriak gehitu zituzten, formatu originala mantenduz: Gorka Bereziartuari Unai Brea gehitu zitzaion aurkezle lanetan, garai batean Teleberriren irudi izan ziren bi gizon haien “kasualitatezko” parodia eginez. Esketxak ere sartu zituzten, eta aktore lanetan jarri behar izan ziren erredakzio barruko hainbat kide: aipamen berezia merezi dute Jon Tornerrek, Olatz Kortak eta Karlos Olasolok, malgutasun handia erakutsi baitzuten edozein paper antzezterakoan.

Asko izan ziren saio gogoangarriak: 67. kapituluan Patxi Lopez orduko EAEko lehendakariak elkarrizketa esklusiboa eskaini zion Bereziartuari, Beranduegi ikusten zuela kontatuz, eta saio ederra ez ezik, freskoa eta oso interesgarria zela aitortuz. Donostiako Askeguneari buruzko saio monografikoa ere gogoan izango dute askok; Xalbadorrek belodromoan botatako bertso ospetsuak ertzainburuaren ahotan jarri zituzten, bertsolariak publikoari esan bezala, gazte jendeari asko maite zituela abestuz.

100. saioan, estreinalditik bi urte eta erdira, arrakastaren olatuan surfeatzen ari zirela, ibilbidea amaitutzat eman, eta itxi egin zuten txiringitoa. Proba moduan hasi zen jolasak espero ez zuten arrakasta lortu zuen, astez aste bataz beste 1.500 ikusle lortuz. Jendearen estimua ez ezik, beste sari batzuk ere irabazi zituen ARGIAren web telebistak: 2012an Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietako Epaimahaiaren Aipamen Berezia jaso zuen. Egun aldizkariaren azken orrialdearen jabe da Beranduegi, eta ez dirudi aise kenduko diotenik lekua (edo bai). Inoiz ez baita beranduegi gauzak aldatzeko.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.