2019-07-08 07:46

Donostiako Trinitate plaza dagoeneko zain dago, ARGIAren mendeurreneko festa deskolonizatzailea noiz iritsiko.

Ez gaizki ulertu titularra, irakurle, etxe honetan ere ez dugu bereziki maitea ahuntzek lagundutako asto armatuen ospakizun eguna, eta ARGIAren mendeurreneko ospakizun nagusia egun berean tokatu denez, “hispanitatea”ren egunari buelta emateko baliatuko dugu, “deskoloniza gaitezen”.

Donostiako Trinitate plaza izango da erdigunea. Probestu nahi da komunitatea elkartzeko, euskaltzale orori irekia izango den ospakizun bat egiteko, ARGIA kalean, denen eskura jartzeko. Argia lagun, euskaltzale ume edo komunitateko gazte, denentzat izango da leku bat egun horretan.

Dantza, musika, jolasa, poesia…

Egitarauaren xehetasunak aurrerago emango baditugu ere, hona egunaren hezurdura: 11:00etan umeentzako jolas berezia egingo da Urgullen. Gainerakoak 12:00etan abiatuko dira Trinitate plazatik kalez kale, txistulari bandaren atzetik: hiriko hainbat leku esanguratsutan egingo du jende multzoak geldialdia, bertako azalpenak jaso eta bertsoak entzunez trago gozo bat egiteko. 13:00ean Konstituzio Plazan soka-dantzaren bidez lotuko da Argia komunitatea.

Bazkaritarako Trinitate plazan zain egongo dira sagardo upela, mahaiak eta aulkiak. Hortik aurrera, norberaren esku etxetik eramandako janaria jatea edo inguruko tabernetatik zer jana ekartzea. Bazkalosteko kafea Pobresiak emanaldi poetikoa gozatuz hartuko dugu. Ondoren NAN jaurtiketa eta antzeko jolas herrikoiak egingo dira adin guztientzat. Eta gaua biribiltzeko, 20:30etatik aurrera kontzertu eder hau gozatuko dugu: Amaren alabak, Mursego, Balerdi Balerdi eta Niña Coyote eta Chico Tornado.

ARGIAren alde jardun nahi?

Txosna jarriko dugu egunean bertan, eta txandak egiteko aukera dago. Antolatzaileek adierazi dute ez dutela esperientzia handiegirik eskatzen, herriko festetako barran pare bat aldiz ibili izana nahikoa dela, eta gehiago dela pulamentu kontua.

Bestalde, iraila hasieran zure herrian bost kartel itsatsita ekarpen handia egingo zenuke festaren berri zabaltzen.

Barra atzerako edo kartelak pegatzeko prest dagoenak, idatzi posta elektroniko honetara: argiak100urte@argia.eus eta berehala jarriko dira lantaldekoak harremanetan, kartelak helarazteko edo txosnako txanden ordutegia adosteko.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.