2020-11-26 08:00

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Gauzak guk nahi bezala ateratzen ez badira beste bide batetik egiten saiatu behar, eta aurten Durangon urtero moduan topo egin ezin izango dugula ikusita, ARGIAkoek aspalditik buruan zerabilten proiektu bati heldu diote: ikusentzunezko grabaketak egiteko ARGIAko platoa. Mendia joango da Mahomarengana.

Pintaketa eta atontze lanak auzolanean egin dituzte, butaka jarri, fokuak prestatu… Durangoren aitzakia zergatik erabili duten? Bada iaz ARGIAren mendeurrena aprobetxatuz Durangoko Azokako Gogoetaren Plazan antolatu zituzten hitzaldi eta elkarrizketen mamia ikusita, aurten ildo horretatik jarraitu eta solasaldi zikloa abiatu dutelako: aurrez aurre egin ezin direnez, platoa prestatu dute hitzaldi, mahai-inguru eta elkarrizketak bertan grabatu eta interneten zabaltzeko.

Jokaldia borobiltzeko, solasaldi ziklo hau ARGIAk salgai dituen produktuekin lotu nahi dute eta horien balore gehigarria mahaigaineratu. Ez baitira sosa biltzeko soilik egindako salgai hutsak. Argitalpen, jolas edo jantzi hauek atzetik dute jende bat, borroka, aldarrikapen edo/eta balore batzuk, txikitik eragiteko nahi bat.

Artikulu honen amaieran irakur ditzakegu zein solasaldi ikusentzun ahal izango ditugun. Abenduan zehar, astean hiru emankizun sarean zabalduko dituzte, astelehen, asteazken eta ostiraletan. Ez da zuzeneko emankizuna izango, beraz, egun jakin batean zabalduko badira ere, hortik aurrera bakoitzak topa dezake saioa ikusteko momenturik egokiena. Solasaldi hauek bai ikusentzunezko bideo gisa eta bai entzunezko podcast eran gozatu ahalko ditugu.

Behin platoa prestatuta, abenduko saioak pasatu ostean ere ez dadila aitzakiarik egon beste emankizun batzuk prestatzeko!

Bederatzi hitzaldi, ARGIAk lantzen dituen ildoen inguruan

Solasaldi hauek ikusentzun ahalko ditugu ARGIAren webgunean, bakoitza egun hauetatik aurrera:

Azaroak 30  INFORMAZIO BURUJABETZA. ARGIAko langileak mintzo.

Abenduak 2  BIOANIZTASUNA. Iñaki Sanz-Azkue Xapoketan karta-jokoaren egileetakoaren hitzaldia.

Abenduak 4 ILARGIA. Jakoba Errekondo Ilargia eta Landareak agendaren egilearen hitzaldia.

Abenduak 7 INOR EZ DA ILEGALA. Bouba Diouf Bilboko kale-saltzaile senegaldarren Mbolo elkarteko kideari elkarrizketa.

Abenduak 9 AGROEKOLOGIA. Lurra herriari deika ekimeneko Miren Saiz, Ane Gorosabel eta Mikela Untsain mahai-inguruan.

Abenduak 11 LANDAREEN ZAINTZA. Jakoba Errekondo Etxeko Landareak liburua aurkezten.

Abenduak 14 ETXEBIZITZA. Komunitatean bizi liburuan parte hartu duen Abaraska proiektuko Ana Almandoz eta Maite Leturia.

Abenduak 16 EKONOMIA SOZIAL ERALDATZAILEA. Beñat Irasuegi Olatukoopeko kidearen hitzaldia.

Abenduak 18 INOR EZ DA ILEGALA. Tarana Karim migratu feministaren hitzaldia.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.