2018-05-07 19:14

[Itsaso Zubiria]

“ARGIAk lanpostu bat eskaintzen du. baldintza: ez gipuzkoarra eta ez gizonezkoa”. Gogoratzen zara orain bizpahiru hilabete zabaldutako iragarki horrekin, irakurle? Niri barretxoa eragin zidan hasieran, “orain ere ari dira berenak egiten ARGIAko hauek”, pentsatu nuen. Baina albistearen mamira jota, ulertu nituen gauzak hobeto. Erredakzioko hamabi kidetik hamar gizonezkoak dira, eta hamabitik hamar Gipuzkoakoak. Estatistikak baino gauza argiagorik…

Hitzetan geratu gabe praktikara eraman nahi izan ditu bere oinarriak ARGIAko lantaldeak. Lankide berriaren hautaketa koherentziaz egin. Lehen lerroetan irakurritakoa zen deialdiko baldintza bakarra, eta laurogeita hamar bat curriculum bildu dituzte. Lehen sailkapena jasotako informazioarekin egin da, lurraldeka banatu ostean. Esperientzia izan da aurreneko galbahea, baina ez komunikabide batean edo bestean izandakoarena soilik; egingo duen lanari lotutako esperientzia baizik. Garrantzia eman zaie bakoitzak egindako argitalpenei, baina kontutan izanda formatu ezberdinak: komunikabideetako publikazioez aparte, norberak bere kasa sortu eta elikatutako blogak, ekimen indartsuei sare sozialetan egindako jarraipena…

Hogei bat lagunen izenak mahai-gainean, zein baino zein hobeak, hurrengo pausoa lurralde-aukeraketa izan da. Bizkaia saritua. Beste lurraldeetan bertako hedabideek lan handia egiten dutela baloratu da, Hala Bedi, Arabako Alea, Ahotsa.info, Euskal Irratiak… eta lizentzia libreei esker ARGIAk berera ekartzen ditu artikulu eta albiste asko. Bizkaian nabaritu dute hutsune komunikatiborik handiena, eta aldi berean bertan bizi da euskal biztanleriaren erdia. Zehazki Bilbon bizi eta mugituko den langilearen aldeko hautua egin du erredakzio taldeak. Gizarte mugimenduak pilpilean daude bertan, eta agian hauek gaztelerazko harreman sare eta komunikabideekin lotura handiagoa badute ere, ARGIAren helburua bada haien berriak euskaraz idatziz eragile horiekin sarea jostea.

Elkarrizketen txanda iritsi da.

Kalderapeko tabernan egin dute zita, kafea hartuz elkarrizketa ahalik eta normalena izateko asmoz, azterketa kutsua arindu nahian. Isil eta lotsati azaldu da neska gaztea, hitzak ondo neurtuz. Ez du beste hedabideetan esperientzia handirik, baina gurean blog bat zabaldu zuen, eta gustuko du luma astintzea. Aurten literatur sari bat jaso du. Konbentzitu egin ditu ARGIAko kideak “nire bizitzarekin eta pentsamenduekin koherentzian dagoen lan bat bilatzen dut, eta ARGIA bete betean hori da” esaldiarekin.

Ez jo sinadura ezagunenetara, irakurle, ARGIAk ez du izen famaturik kontratatu. Baina gogotsu dator. Zure esku uzten dut asmatzea.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.