2019-11-29 10:11

Argazkia: Dos por dos.

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Lehengo astean iragarri nizun, irakurle, Jenofa Berhokoirigoin ez zela ARGIAk azken denboraldian egin duen fitxaje bakarra eta hurrengo aldizkariaren zain egoteko, bigarren izena ezagutu nahi bazenuen. Ez dizut gehiago itxaronaraziko. Zigor Oleaga da lan-taldeko kide berria. Tira, berria; akaso orain haserretu egingo zara Oleagaren izena azken hilabeteetan sarri ikusi duzulako orriotan eta webgunean, eta beste izen berriren bat espero zenuelako. Barkatu zure ilusioak zapuztu badizkizut, baina arabarrari oraindik ongi-etorririk ez diogu egin eta ondo merezia du.

Eleak mugimenduko kidea izan da Zigor Oleaga, Herri Harresien bueltan ibilitakoa. Egindako ekintza horien jarraipenetatik sortu zen harremana Oleagaren eta ARGIAren artean. Orain urte eta erdi inguru ARGIAko kazetariren batekin hizketan ari zela Oleagak berak bota zion:“Inbidia ematen dit nola ari zareten Kataluniako egoera jarraitzen, gustura egingo nuke horrelako zerbait”. “Probatu”, bestearen erantzuna. “Nola probatu?”, harriturik Oleagak. “Hasi idazten, egin elkarrizketa edo erreportajeren bat”, segi zion kazetariak. Hortik arabarraren lehen kolaborazioak ARGIAn.
Kolaboratzaile zela denetariko gaiak landu dituela onartu digu. Duela lauzpabost hilabete eskaini zioten, aitatasun baja bat tarteko, erredakzioan ordezkapena egiteko. Tarte horretan aldizkarirako gauzatxoren bat edo beste egin badu ere, batez ere argia.eus webgunea elikatzea izan da bere lana. “Jendearekin eta proiektuarekin oso gustura” aritu dela esan digu, baina “sufritu” ere egin duela aitortu du. “Lehen aldiz ari naiz kazetari lanetan, eta nire buruarekiko segurtasun falta sumatzen dut, bai teknologia aldetik, ez bainaiz oso ibilia sare sozialetan edo sareko beste hainbat programetan, bai idazkera aldetik”, adierazi digu.

Niri behin esan zidaten, kazetari izateko ez egiteko kazetaritza ikasketarik; beste zerbait ikasi, mugitu, ibili, eta gero kazetari izan nahi banuen hasteko idazten. Ez zuen arrazoi faltarik.
Aitatasun baja ordezkatuz betetako lanaldia bukatu zaio, baina erredaktore gisa jarraitzeko aukera ireki. ARGIAn lan egingo duen lehen arabarra izanik, lurraldea du, neurri batean, eginkizun. Politika eta herri mugimenduen gaiak tentatzen dutela azaldu digu: politika, bereziki, alderdi edo erakundeetatik harago, zentzu zabalean ulertuz.

Hautsak arrotzeko eremu zabala ireki zaizu, Zigor. Ongi etorri, eta astindu erratza.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.