2021-07-14 08:02

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Ikusi diot bati baino gehiagori soinean kamiseta. Berdexka, arrosagoa, beixa… Gustuko izan du jendeak diseinua. Mezua. Filosofia. “Lurra herriari deika”. Zuzena. Laguntza ekonomiko pixka bat jasotzeko sarri erabili da salmenta estilo hau herri honetan eta funtzionatzen du. Baina lurrak behar du dirua baino zerbait gehiago eta kanpaina ez da bukatu. Ikusi al dituzu azken asteetan argia.eus webgunean zabaldu diren bideoak?

ARGIAk agroekologia mugimenduarekin elkarlanean hasitako ibilbidearen pauso bat gehiago da, ezagutzera emateko Euskal Herrian eredu honen bueltan lanean ari diren hainbat proiektu. Asmoa da erreparatzea mugimendu hau osatzen dutenen artean dagoen aniztasuna. Barietatea lurralde, jende, ukitzen dituzten gaien ikuspegitik. Kazetaritza guztia ez baita berdin, eta nekazaritza guztia ere ez. Bai agroekologiak eta bai Argiak genero harremanak lantzen dituzte, burujabetza dakarten produkzio moduak, langileen eskubideak lantzen dituzte eta ingurumenarekin errespetuan egiten dute lan.

Lau dira dagoeneko publikoari zabaldu zaizkion bideo erreportajeak. Oraindik badira beste batzuk eskuartean, pixkanaka argitaratuko direnak. Hazien merkatuan alternatibak sortzen ari den Aleka elkartea, proiektu txikitzaileen aurka eta nekazaritza txikiaren alde lurrak okupatu eta lantzen dituen Lurraren Orena taldea, behi eta ardien esnekiak ekoitzi eta langileak kontsumitzailea eta ingurumena babestuz produktu osasuntsuak ekoiztea helburu duen Bizkaigane elkartea eta arrautza ekologikoak inguru gertukoan merkaturatzen dituzten Guneko proiektua dira erreportaje serie honetan oraingoz ezagutu ditzakegunak.

Bost-zazpi minutuko iraupena duten ikus-entzunezkoetan proiektu hauen berri izateaz gain, garrantzia eman diote paisaiari. Sarri irudikatu ohi baitugu Euskal Herriko nekazaritza mendi eta belardi berdez inguratutako baserri baten itzulian. Zazpi lurraldeetako paisaien aniztasuna ere oso kontuan hartu da eta irudi zoragarriak bildu dituzte.

ARGIAk sinesten baitu eredu agroekologikoan hasi zuen ibilbide hau mugimenduko kideekin eta ondoen egiten dakiena eginaz jartzen du bere aletxoa: informazioa jaso, forma eman eta zabaldu. Horretan jarraitzeko asmoa dugu.

The post Lurrak deika darrai appeared first on ARGIAren barrenak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.