2020-08-03 09:50

 

 

Bi hilabete baino gehiago egon gara geldi. Eduki gaituzte kieto. Hasieran askoren buruetan uste dut zegoela “ondo etorriko zaigu pare bat astez erritmoa jaistea”, bati baino gehiagori entzun nion martxoa erdialdera “bizi-erritmo horretan ezin genuen segi eta honek emango digu irakasgaia”. Ez dut uste buru horietan horrelako irakasgairik zegoenik. Erritmoa ez da jaitsi, askorenak gora egin duela iruditzen zait, estresa sumatzen da giroan, informazioaren saturazioa, batzuk familiaren zama dominatu ezinda, besteak ditxosozko telelanari neurria hartu ezinda, begirada guztiak gainean dituen eta osasun neurri guztiak hartu beharragatik lan bikoitza egin behar duen tabernaria… Argiak abuzturako irakurketa lasaia proposatzen du: Aktualitatearen Gakoak. Gai protagonista, badakizu.

Denok kolpatu gaitu COVID-19ak. Modu ezberdinetan. Baina denok horren barruan geratu gara oso ni, oso norbera, oso indibidual, oso bakarrik. Etxean, bakoitza bereari nola heldu begira. Gu bezala borrokatzeko ia aukerarik gabe. Argiak argitaratutako liburuxkan aztertzen da gizartearen arlo desberdinetatik mundu mailako osasun-krisi hau eta beronek arrastan dakarren gizarte- eta ekonomia-krisia. Desazkundea, zaintza, hezkuntza, lana, generoa, migrazioa, elikadura burujabetza… dira sakonean landutako gaietako batzuk eta begiratuko zaie gertatutakotik, aurreikuspenetatik, udazkenean etor daitekeenetik.

Joseba Larratxe da aldizkari bereziaren azala ilustratu duena. Beti bezain fin. Egilea identifikatzeko moduko ukitu pertsonalarekin eman nahi izan dio forma, kolorea eta irudia datorkigun COVID-19a-ren olatuari eta bere aitzinean kolpeari aurre egiteko auzolanean ari diren herritarrei. Zaila zait imajinatzea laurogei orriko aldizkari baten laburpen hoberik.

Aurten prezio baxuagoa
Argia Jendeak etxean jasoko du Aktualitatearen Gakoak aldizkari berezia abuztuaren 9ko astean, postontzian. Baina oraindik Argia Jendea ez denak eros dezake dagoeneko, Argiaren interneteko azokan. 5 euro jarri diote aurten aldizkari berezi honi prezioa. Prezioa jaistea erabaki du lantaldeak, ez aldizkariaren kostua jaitsi delako, baizik eta lortu dutelako publizitatearekin gastuei aurre egitea. Nahiago izan dute, beraz, kalitatezko kazetaritza independentea herritarrei gehiago kobratuz gutxiagorengana iristea baino, finantzatzeko beste forma batzuk bilatzea eta prezioa jaitsita ahalik eta jende gehienarengana heltzea.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.