2020-05-06 11:10

Garai txarrak datoz eta jakitun gara gure komunitateko ARGIA Jende asko oso kezkatuta dagoela. Ez da gutxiagorako. Mezu honekin ez gatoz ezer ere eskatzera, eskaintzera baizik. Diru sarrerarik gabe geratzen ari direnei, lana galdu dutenei, beren negozioak itxi behar izan dituztenei, aldi baterako itxita dauzkatenei… ARGIA proiektua sostengatzeko hartu zenuen konpromisoa bete ezin duzuenoi, edo ekonomikoki estu zabiltzatenei, gurekin harremanetan jartzeko eskatu nahi dizuegu mesedez, laguntzeko gaude eta.

Gurean, komunitateko jende eskuzabal batzuek bataz bestekoa baino diru gehiago jartzen dute, besteak beste egoera zaurgarriagoan daudenek ere ARGIA irakurtzeko aukera izan dezaten. Horrela ulertzen dugu mundua eta horrelako praktiken bitartez saiatzen gara berau aldatzen. Egia esan komunitate zoragarria da hau eta oso harro gaude.

Duela lau urte, 2016an, harpidetza eredua aldatu genuen horrelako momentuetan hobeto erantzun ahal izateko. ARGIAn jendeak ez du produktu bat erosten, jo dezagun aldizkaria, proiektua babesten du bere osotasunean, eta gu bueltan, jendea proiektuaren parte sentiarazten saiatzen gara. Urteak dira egoera ekonomiko txarrean dauden pertsonei, harpidetza eteteko deitu izan gaituztenei beti erantzun bera ematen diegula: “Baina zuk, gustura irakurtzen al duzu ARGIA? Erantzuna baiezkoa bada, lasai egon zaitez, doan bidaliko dizugu, eta egoera konpontzean deitu berriro eta hitz egingo dugu”.

Horregatik, esan bezala, ordainketarekin arazoak badituzu, badakigu ez dela egoera erraza eta deitu mesedez telefono honetara (0034) 943 37 15 45 edo idatzi harpide@argia.eus helbidera. Tabernei eta jatetxeei berdin, nahi baduzue bidalketak zuen etxeetara bideratuko ditugu edo nahiago baduzue bidalketak (eta ordainketak) etengo ditugu berriro irekitzeko aukera duzuen arte. Arrazoi ekonomikoengatik ez da inor geratuko ARGIArik gabe.

Guzti hau komunitatea ekonomikoki babesten duen jendeari esker egiten dugu. ARGIA proiektua ehun urtean garatu bada, ez da logika kapitalistari esker izan, non produktuaren eta honen prezioaren logika gailendu den; hemen komunitate batek proiektu osoa eutsi du, dirutan ordaindu ezin diren balioak bultzatzeko prest bere dirua jarri duelako.

Zuk ere proiektu honen parte izan, kazetaritza independenteaz zeure burua informatu eta halako ekimenak bultza nahi badituzu, lotura honetan egin dezakezu.

Mila esker eta animo denoi! Denon artean, hemendik ere aterako gara.

Noski baietz.

ARGIAko lantaldea.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.