2018-09-20 12:53

Santi Leonék urrian ekingo dio astekariko bosgarren orrian zutabeari.

 

[Itsaso Zubiria] Bigarren zatiak ez omen dira sekula onak izaten; edo ia sekula ez, behintzat. Ez da gure asmoa bigarren parterik egitea, eta beraz, espazioaren lekukoa bakarrik pasako dio batak besteari: astekariaren bosgarren orrian doan zutabea. Gorka Bereziartuak amaituko duen Fauna publikoa atalaz eta Santi Leonék txoko berean abiatuko duenaz ari naiz –izena ezagutzeko estreinaldira arte zain egon beharko duzu–.

Bai, fauna publikoak eskainiko dizkigu oraindik makina bat esaldi, eta ziur Boli Gorriak topatuko duela beste txokoren bat luma eta Sarea astintzeko. Baina Bereziartuaren agurraren aurretik, horretarako ere denbora hartuko baitugu geroago, ongi-etorria eman nahi diogu Santi Leoné kolaboratzaile berriari. Urriaren lehenetan topatu ahal izango duzu, irakurle, aktualitatearen mamiz betetako kritika, ironiaz gozatuta.

Euskalerria Irratian entzuna izango duzu, agian, Leonek astelehenero egiten duen Dekalogoa. Hortik tiraka ekingo dio ARGIAko atalari ere. Irratian astero hamar albiste edo gai hartu eta ikuspegi ugaritatik erreparatzen dio aktualitateari. Kasu honetan albistea, gaia, eztabaida, bat izango da, eta horretan zentratuko du asteko analisia. Ironiatik. Dibertsiotik. Baina mamiz josita. Hedabide guztiak izango ditu joko-zelai, eta kazetaritza irakurtzeko modu kritiko batez aztertuko du. Hizpide izango ditu titularrak nola idazten diren, zein hitz erabiltzen diren, batzuei eta besteei zer galdera eta nola formulatuta egiten zaizkien… Zer dago horren guztiaren atzean?

Kazetaritza-lana egiterako orduan beste hedabideei erreparatzeko zein betaurreko jarri jakiten lagunduko digu, baita irakurleari ere, errepasatzen dituen komunikabideak ikuspegi kritiko batetik begiratzeko. Horrenbeste informazio jasotzen dugun honetan ez al dago desinformazio handia? Ez al gara ikuspegi kritiko hori galtzen ari? Ez ote dira batzuk informazio saturazio hori aprobetxatzen ariko, hizkuntza ponpoxoetan zenbait ideia eta ildo indartzeko?

Kazetaritza independente eta kritikoa izateko kazetaritzari ere kritika egingo dion txokoa jaiotzear da. Ongi etorri!

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.