2019-12-04 17:19

Durangoko Azokan ARGIAren mahaia prest. Artekale kalean dago, 28-31 standetan.

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Ez zinen beldurtuko aurreko asteko artikuluarekin, ezta, irakurle? Bai, ARGIAri eman diote Durangoko Azokan “Gogoetaren plaza” dinamizatzeko aukera; mahai-inguruak antolatuko ditu aurten (hemen klikatuta irakurgai mahai-inguruetako gaiak eta pertsonak). Baina egutegi takoz betetako postua ere hor izango duzu, urtero bezala. Hori baita aspalditik gure Durangoko izarra. Gainera aurten kanpoko plazan ere ARGIAk postua jarriko du, Landakoko zurrunbiloan sartu nahi ez duenarentzat.

Bai Landako barruko ARGIAren postuan eta baita kanpoko plazan, aurkituko dituzu Mbolo elkartearekin batera ateratako “Inor ez da ilegala” lema duten jertseak, poltsak eta kamisetak. Lan-ildo berean, Mikel Garcia Idiakezek aurten argitaratu duen Hasiera berri bat liburua egongo da salgai, zeinak kontatzen duen Pape Niang-ek Senegaldik Euskal Herrira egindako migrazio bidea.
Eskuratu ahal izango dituzu ARGIAk Bizi Baratzea lan-ildoan aurten argitaratutako nobedadeak: 111 hostoz eta orriz jantzi liburua, Jakoba Errekondok astekari honetan argitaratutako artikuluen bilduma. Liburu hau diseinuz eta edukiz berezia da, artikuluak hautatzen 22 pertsonak hartu dutelako parte, direla bertsolariak, idazleak, musikariak… 2020ko Landareak Lantzen agenda liburua ere bertan aurkituko duzu, ilargiaren egutegiaren arabera egun bakoitzean landare gaietan zein lan egin kontsultatzeko.

Ildo berdeari jarraituz, Xapoketan karta-jokoa eta posterra ere aurtengo berrikuntza dira. Bertako animaliak bertako hizkuntzan ezagutu ahal izateko aukera ematen digu Lore Erriondo pedagogian adituak, Iñaki Sanz-Azkue biologoak eta Eñaut Aiartzaguena ilustratzaileak landutako material didaktiko honek.

Urte bakarrean argitaratutako hiru kazetaritza liburuek ere merezi dute aipamenik. Garciaren Hasiera berri bat-ez gain, Onintza Irureta Azkuneren Berdea da more berria ere arrakasta izaten ari da eta argitaratutako urte berean bi hizkuntzatara itzuli da dagoeneko, gaztelera eta katalanera. Borborka dauden bi borroka uztartzen ditu elkarrizketetan oinarritutako liburuak: feminismoa eta erresidentzietako langileen borroka. Hirugarren kazetaritza liburua, mendeurrena baliatuz Gorka Bereziartua Mitxelenak idatzitako Ez gara neutralak da, orain aste batzuk etxean jaso genuen liburu gorria.

Eta nola ez, egutegia. Aurten efemeridez osatua. Baliagarri izango zaigu sarri ahanzturan geratutako gertakizun, borroka eta pertsona horiez hitz egiteko etxean, ikasgeletan, euskaltegietan, herri mugimenduetan.

ARGIAn intentsitate handiko urtea izan dela nabari da eta Durangon topa ditzakegu emaitza guztiak. “Lantaldeetan lan egitearen ondorio da hau guztia”, azaldu digute ARGIAren egoitzatik, norbanakotik kolektibora pasaz proiektuak emankorragoak izan ohi baitira. Etxe honetan teoriak funtzionatu du.

Durangoko Azokako ARGIAren agenda

Aurtengoan Gogoetaren Plazako mahai-inguruak direla, eta liburu aurkezpenak direla, bederatzi ekitaldi egingo ditu ARGIAk Durangoko Azokan. Agenda honetan dituzu, egun bakoitzean zer dagoen erraz ikusteko moduan.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.