[Itsaso Zubiria Etxeberria] Edo hori da, behintzat, Asteko argazkia-ren helburu nagusia. Horretan ahalegintzen ari da ARGIA, astero, azken hamar urteotan. Harpide berrienek ez zuten aldizkaria bi orrialdeko argazkirik gabe ezagutuko, eta agian harpidedun zaharrei dagoeneko kostako zaie argazki handirik gabeko aldizkari hura oroitzea.
Astekariaren diseinu aldaketarekin batera iritsi zen, duela hamarkada bat, Asteko argazkia. Axier Lopez kazetaria da, hasieratik, sailaren gidaria eta irudia laguntzen duten testu gehienen egilea. “Orduan, irakurle batek baino gehiagok esaten zigun letra asko sartzen genuela”, azaldu du, “eta, hori gogoan, baliatu genuen diseinu aldaketa hura argazkilaritzari kazetaritzan duen lekua aitortzeko eta irudia letren gainetik egongo zen txoko bat sortzeko”.
Euskal Herriko argazkilariak dira batzuetan egileak eta hemengoei beren txokoa ematea bada lehentasuna, baina asteroko maiztasunarekin argazki ona, kalitate handikoa, hitz gutxirekin lagunduta asko dioena eta bertako argazkilari batek egina… zaila da. Nazioarteko gaiak tarteko direnean, batez ere. “Euskal Herrian badugu Foku, Dani Blanco ARGIAko argazkilaria, Euskal Herriko beste kolaboratzaile batzuk, nazioartean agentzia independente bakan batzuk badira…, eta erabiltzen ditugu beraien irudiak, noski, baina zazpi egunean behin ez da erraza izaten argazki agentzia multinazionalen hegemoniatik ateratzen”, aitortu du. Enkajea egin behar izaten da, beraz, behar denarekin, dagoenarekin eta kalitate grafikoarekin. Horregatik jotzen da, batzuetan, agentzietara. Horregatik, aurrera begirako erronken artean argazkilari independenteen lan gehiago erabiltzea dagoela dio Lopezek.
Hitz bakarreko titularra
Argazkia bere kasa mintzo dadin saiatzen da kazetaria, eta ahalik eta hitz gutxienekin laguntzen. “Hori ariketa polita izaten da, eta horrek behar du oso adierazgarriak diren argazkiak topatzea”, dio Axier Lopezek. Normalean idatzizko kazetaritzan ohituta gaudenaren kontrara, hemen testua da argazkiari osotasuna ematen diona; laguntzailea. Eta ez da, gainera, deskribapen soil bat izaten, iritzitik eta analisitik du gehiago.
Jarraitu dezagun begi-bistan jartzen hitzez kontatu ezin dena.
The post Irudi batek mila hitz appeared first on ARGIAren barrenak.
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.