2019-10-20 13:24

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Podcastak egiten hasi da ARGIA, esan nahi baitu Internet bidez entzun daitezken irratsaio laburrak egiten hasi dela –ez dakit zergatik jarri den hain modan gauzei bere izenez ez deitzearen txatxukeria hau–. Eneritz Arzallus etxeko kazetariak eman dit artikulua osatzeko beharrezko informazioa, bera baita saioen gidaria.

Astekariko Net Hurbil atala hartu dute aitzakia astero emankizun bat eskaintzeko. Arzallusek egindako galderetatik tiraka, Pello Zubiriak aste horretan aldizkarian argitaratuko duen artikuluaren inguruko gako batzuk emango dizkio entzuleari, eta irakurtzeko amuari heldu diezaioten ahaleginduko da.

Asmoa da poliki-poliki kide gehiago animatzea irratsaio horiek egitera. Ez erredakzioko lagunak bakarrik, baita kolaboratzaileak ere. Oraingoz Net Hurbilaren laburpen saioa eskaintzen bada ere, intentzioa da laster, nazioarteko gaiez gain, analisiak, kulturari edo historiari lotutakoak ala antzekoak sortu eta eskaintzeko gaitasuna izatea.

Aspaldi xamarretik datorren gaia

“Azken erredakzio bileretan presente egon den kontua izan da podcastena”, onartu digu Arzallusek. “Geroz eta hedabide gehiago ari da formatu honetara salto egiten eta aspaldian bagenbiltzan gure moldea bilatzen”. Ez da nazioarteko hedabideez bakarrik ari, gure inguruan topa ditzakegu Hala Bedi Irratiak sortzen dituen podcast edukiak, Pikara Magazine ere ari da bere bidea egiten, Arrosa Sareak ere eskaintzen ditu honelako irratsaioak, Berria egunkariak sortu du antzeko zerbait. “ARGIA oso lotuta dago astekarira, paperera, eta lantaldea bera ere bai; nahiz eta multimedia arloan pauso handiak eman diren, idatzizko eduki asko daukagu oraindik podcast edo bideo bezalako formatuetan aprobetxatu eta zabaldu dezakeguna”, adierazi du ikus-entzunezkoen atalean murgilduta dabilen gazteak.

Astelehenero argitaratzen da ordu laurden inguruko iraupena duen emankizuna. Sarean topatu dezakegu argia.eus/podcastak helbidean, laburpen bideo eta guzti.

Hau idazten ari naizenerako lehen biak entzun ditut. Hirugarrenaren zain nago dagoeneko, eta droga gogorra izan daiteke hau.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.