2021-05-23 15:44

 

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Herri hau sortzen segi dezagun euskaratik (e)ta euskaraz”. Esaldi horrekin amaitu zuen garaipen bertsoa Maialen Lujanbiok 2009ko Bertso Txapelketa Nagusian. Hala ulertzen da, nolabait, umorea ARGIAn; herri bat, kultura bat, erreferentzia batzuk sortzeko tresna, euskaratik eta euskaraz. Beranduegi da horretarako espazioa komunikabide honetan eta 250. orrialdea os(p)atuko du datorren astekarian.

Pantailarako prestatutako umorearekin hasi ziren 2011n. Unai Brea eta Gorka Bereziartua aurkezle. Ehun saio egitera heldu ziren, baina horrelako eduki bat prestatzeak dakarren lan-kargak akituta utzi zioten 2013an emankizuna egiteari. Umorea paperera ekartzeko saltoa eman zuten 2015eko irailean, euskarri berrira egokituta, baina estilo bertsuan. Bultzaka zetozen sare sozialetako meme-ak, argazki muntaiak… eta paperan orrialde erakargarri bat egiteko aukera ikusi zuten. Eta azkenik, 2020an, pandemia betean, podcasten mundura eraman zuten Beranduegi.

Euskarazko umoreak ez du espazio handiegirik okupatzen hedabideetan eta betetzen duen tarte txiki horren zati aski handi bat hartzen du Ocho Apellidos Vascos edo Vaya Semanita estiloko algara tontoak. Beste molde bateko umorea darabil Beranduegik. Politikoa, esango diote batzuek akaso. Politikoak umore guztiak direla esango nuke nik. Mamitsuagoa deitzea gehiago gustatzen zait. Edo mamia duenaz umorea egiten duena. Zuzeneko kolpea izaten da askotan, hitz gutxitan K.O., eta ez gaude oso ohituta horretara. Ez daukagu bereziki barneratua hedabideetan umore hori erabiltzeko kultura. Eta ez da erraza kultura hori barneratzea, beste herrialde askotan punta puntako politikariez parodia bat egitea oso ohikoa den bitartean, bazter hauetan arriskuan jar baitezakegu gure askatasuna ere.

Eta ez, ez didate balio “euskaraz umorea egitea zaila da” edo “euskaldunak zozoagoak gara alde horretatik” bezalako esaldiek. Barkatu, baina ez dut uste euskaldunok barre gutxiago egiten dugunik. Pentsatu behar duguna da zertaz trufatu nahi dugun. Tele 5ren ereduak esan behar ote digun barre ere zeren inguruan egin edo guk sortu nahi ditugun beste erreferentzia batzuk eta beste kultura bat.

Euskarazko umore kritiko eta katxondoaren aldeko apustua egina du Beranduegik.

The post Inoiz ez da beranduegi umorerako appeared first on ARGIAren barrenak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.