2019-03-29 16:01

[Itsaso Zubiria Etxerria] “Oso kezkatuta gaude”. Hitz horiekin erantzun dit ARGIAko lantaldeko kide batek martxoaren 20an, Lander Arbelaitz kazetaria epailearen aurretik pasa dela eta zer moduz joan den galdetu diodanean. Epaiketara iristeko arriskua dago, zergatik eta kazetaritza egiteagatik, informatzeagatik.

Arbelaitz 2018an Donostiako kaleetan izandako hizkuntz eskubideen urraketa bat jaso eta informatzeagatik eraman dute auzitara. Herri honetako langile publikoengana euskaraz zuzentzeko dugun eskubidea herritar bati ukatua izan zitzaiolako egin zuen publiko albistea eta Ertzaintzak barkamena eskatuz amaitu behar izan zuen eskubide urraketa horregatik. Hilabete batzuetara, ordea, eskubideak urratu zizkioten herritarrari Mozal Legeaz 600 euroko isuna ezarri nahi izan diote eta eztabaidan parte hartutako bi ertzainek salaketa jarri diote kazetariari.

Baina ez daramate, sinpleki, Lander Arbelaitz epaitegira. Epaitegira daramate informatzeko eskubidea. Epaitegira daramate kazetaritza independentea. Epaitegira daramate kaleko kazetaritza kritiko eta eraginkorra. Jo-puntuan jarri dituzte gure hizkuntz eskubideak.

Epailearen aurretik pasa da kazetaria martxoaren 20an eta atarian herritar eta eragile asko bildu dira babesa emateko. Bista honekin erabakiko du epaileak auziak aurrera jarraitzen duen ala ez, eta hurrengo asteetan izango dugu gehiagoren berri. Baina ARGIAko lantaldea arduratuta dago: “Epaiketara bidean jartzen bada kasu hau, marra gorri potoloak gaindituko dira”, adierazi dute. Espetxe zigorrak daude jokoan.

Jasotako babesa handia izan da, ez soilik epaitegi atarira bertaratutakoena. Sarean abiatutako atxikimendu kanpainan 400dik gora kazetarik, euskaltzalek, eragilek, hedabidek eta kooperatibak bota dute keinua, eta ARGIAbiziki eskertuta dago.

Aspaldi ikasi genuen herri honetan, etxe honetan, kazetaritza independentea eta kritikoa defendatzen; adierazpen askatasuna borrokatzen; gure hizkuntz eskubideak babesten. Kolpeetatik defendatu egin behar izaten baita. Orain tokatu zaigun auzi honek ezin du epaiketara iritsi, auzia bertan behera gelditzea da prozesuak izan dezakeen amaiera justu bakarra. Baina injustiziez ere zerbait badakigu bazter hauetan, eta horretarako ere prest egongo gara.

Auziaren erdian iritsiko da ARGIAk Arrasate Euskaldun Dezagun elkartearekin antolatutako “Hizkuntza eskubideak, norenak?!” hitzaldia. Apirilaren 4an, 19:00etan, Kulturate-n.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.