2018-06-14 14:33

[Itsaso Zubiria]

Zuloan liburuaren azken aurkezpena egin du Urko Apaolaza egile eta ARGIAko kideak Ingurumenaren Nazioarteko Egunean, ekainaren 5ean.

Bideo honetan dago osorik ikusgai:

Bospasei hitzaldi eman ditu guztira, Euskal Herriko lurralde ezberdinetan, hainbat talderekin elkarlanean: Manu Robles Arangiz Fundazioa, ustelkeriaren kontrako Adi! elkartea, gaztetxeetako jendea… Gaurkoan kazetaria bera da elkarrizketatua.

Zer moduzko harrera izan dute liburuak berak eta hitzaldiek?

Esango nuke gaiarekiko interesa dutenen artean harrera ona izan duela. Abiadura Handiko Trenaz asko hitz egin eta idatzi izan da azken hamarkadotan, baina azpiegitura erraldoi horren ikuspegi laborala kontatzen duen lehen liburua da. Gainera, ikerketa egin bitartean Zuloan bloga erabili dugu informatzeko, bertan azaldu ditugu langileen esplotazio kasuak, eta horrek ere liburuarekiko jakinmina sortu duelakoan nago. Bestalde, ELAk ikerketa honen ondorioak publikoki salatu ditu eta liburua bidali zien Eusko Jaurlaritzako eta aldundietako arduradun nagusiei, Iñigo Urkullu lehendakariari barne, eta jakin badakit jaso duela. Alde horretatik oihartzuna handia izan da.
Hitzaldietan jendetxoa bildu da eta esango nuke profil ezberdinekoa izan dela. Alde batetik AHTren kontrako mugimenduan sartuta ibili direnak eta bestetik sindikalgintza mundukoak.

Azken aurkezpena berezia izan da?

Ekainaren 5ean aurkeztu dugu, Ingurumenaren Nazioarteko Egunean, ELAk Nazio Kontseiluarentzat antolatutako mintegian. 200 lagunetik gora bildu gara eta zirrara ere sortzen zuen, batez ere Ainhoa Intxaurrandietaren ondoan hitz egiteak (Angula Ustelak hitzaldia eman zuen Igor Meltxorrekin batera): berak eta Iñaki Errazkinek bizi duten egoera mendeku hutsa da, garbi geratzen da AHT edo erraustegia bezalako azpiegituren atzean dagoen negozio itzela.

Horrelako beste zerbait egitea baduzue buruan?

Liburu honekin argitalpen ildo berria hasi dugu ARGIAn, eta ez da azkenekoa izango. Esaterako, Manu Robles-Arangizekin hasitako lankidetzari esker Onintza Iruretak Bizkaiko zahar egoitzetako grebalarien inguruko lana egiten dihardu.

Bideo honetan dago osorik ikusgai Ainhoa Intxaurrandietak eta Igor Meltxorrek egun horretan eman zuten Angula Ustelak hitzaldia:

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.