ARGIA.eus

2021eko urtarrilaren 16a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.
2021-01-14 10:51

Argazkia: Dani Blanco.

[Itsaso Zubiria] Sinadura berriren bat topatu al duzu urte berri honekin batera, irakurle? Espektatiba akaso gehitxo jarri dizkiogun 2021ari buruz ez naiz arituko hemen, bestela ere izango duzu nahiko espazio horretaz entzun eta hitz egiteko. 2021arekin batera ARGIAra iritsitako aurpegi berriak aurkeztu nahi dizkizut. Gaur Peru Iparragirre. Berari buruz pixka bat jakin nahian eta irakurleari aurkezpen txiki bat egiteko asmoz bota dizkiot galdera labur batzuk. Erantzunak diskretuak dira, umilak, baina iruditzen zait harribitxi bat dugula eskuartean.

Urtea hastearekin batera iritsi zara ARGIAra. Eskaintza bat jaso eta zuk onartu.

Urtebeterako lana eskainiz deitu zidaten duela denbora bat. Interesgarria iruditzen zaidan proiektua da ARGIArena eta bertan, urtebetez, gustuko dudan lanean aritzeko aukerari nola esan ezetz?

Aurretik zertan aritu zara?

Prentsari dagokionez, Gaztezulon hasi nintzen kolaboratzaile modura, gero literatur kritikari aritu nintzen Berrian eta kazetaritza praktikak egin ditut Irutxuloko Hitzan. Bestalde, lagunartean sortutako Lekore aldizkariarekin ere aritu gara orain dela gutxi arte.

ARGIAn zein arlotan ikusiko zaitu irakurleak? Izango duzu bereziki gustuko duzun gairik.

Kultura eta literatura ditut gustuko, batez ere, baina beste arloetan ere arituko naiz ziur aski.

Zer jaso nahiko zenuke ARGIAtik?

Historia luzea du ARGIAk, eta denbora honetan guztian asmatu du egokitzen eta berritzen, oinarriak galdu gabe. Esperientzia metatu horretatik ikasi nahiko nuke, eta egunerokotasunean zein astez astekoan interesekoak eta garrantzitsuak diren gertakariei eta ahotsei zabalkundea ematen lagundu.

Idatzizko lanean ikusiko dugu oraingoan batez ere Iparragirre, baina argia.eus-eko multimedia atalean, ikus-entzunezko Booktegi sailean egindako lanen bat edo beste ere ikus dezakegu, bai elkarrizketatzaile eta bai elkarrizketatu paperetan. Biak interesgarriak, gehixeago ezagutu nahi badugu bere ibilbidea.

Badugu, dena den, urtebete gutxienez, bere lanaz gozatzeko aukera. Ongi etorri, Peru.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.