2021-07-22 10:47

Azalaren irudia: Paula Estevez.

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Uste dut inoiz hitz egin dizudala orri honetan lantokiko erosotasunaz, irakurle; nagusi bat gainetik izateak kentzen dizkigun buruhausteez, ardurez. Nahiago dugu besteren mende egon eta haren aginduak bete behar diren lanpostu bat eduki, erabakitzeko aukera eskaintzen diguten beste lantoki batzuetan egon baino. Erosoa? Sarri bai. Sekula ez du usainduko, ordea, buruhausteak buruhauste, askatasunaren lurrin gozorik.

Gure buruen jabeez doa aurtengo Gakoak. Astekaririk gabeko abuztua aseko dizun aldizkari potoloa. ARGIA Jendeak buzoian jasoko du, abuztuaren 8 inguruan. ARGIA Jendea ez denak, Azokan erosita eskuratu dezake. Burujabetzez da aurtengo Gakoak. Pluralean, bai. Urte luzez egon da zabaldua burujabetza bat eta bakarraren ideia bazter hauetan. Utopikoa batzuen iritziz. Baliteke. Gertu ikusten ez dudan arren, lor litekeela sinetsi nahi duen horietakoa naizela onartuko dizut, baina bidean lan asko aurreratu daitezkeenaren ustea ere badut. Ahalik eta arlo gehienetan lortutako burujabetza bakoitzaren baturak emango digulako osotasuna. Zertarako behar dugu burujabetza bat eta bakarra, beste guztiak berdin jarraitzen badu?

Gure buruen jabetza berreskuratzeko emango dizkigute gakoak. Ez da XXI. mendeko formula berri bat. Ez gara mundua “aurkitzen” ari, gu heltzerako hor ari baitziren beste asko. Dauden teoriak eta praktikak ezagutu ahalko dituzu ARGIAren udako argitalpen horretan. Osasun-, zaintza-, finantza-, etxebizitza-, energia- eta abar luze baten burujabetzen ingurukoak. Herri honetan dauden esperientziak jaso dituzte, eta kanpoan ezagutu ditzakegunak. Norabideak. Abiadura Handiko Trenean garamatzaten buru eta jabe guztien errailetatik atera eta patxadaz irakurtzeko gakoak.

Erreportaje luze eta laburrak aurkituko dituzu bertan, burujabetzak ikuspuntuaren oinarri bezala hartuta. Eta ez hori bakarrik: komiki bat, kultur gomendioak edo Euskal Herrian bertan uda giroan (edo ez) egiteko moduko txango proposamenak ere bai.

Mundua azkar doa, baina orain mende bete pasa erabili ziren hitzek oraindik ere aktualak izaten jarraitzen dute: “Mugitzen ez denak ez ditu kateak sentitzen” (Rosa Luxemburg). Kate batetik baino gehiagotatik lotuta gaude eta ez dira denak batean apurtuko; baina kate bat askatzen den bakoitzean mugitu ahal izango gara gehiago.

Burujabetzei eskainitako 2021eko gakoak aldizkarian aurkituko dugu…

Informazio burujabetza: editoriala.

Energia burujabetza: Energia Komunitateak, Hernaniko proiektua, Nafarroako egoera.

Osasun burujabetza: COVID-19an non dira prebentzioa eta iraunkortasuna?

Elikadura burujabetza: Elikagunea, Elkarlaguntza Sarea eta Ekoalde proiektuak.

Zaintza burujabetza: zaintza komunitario esperientziak.

Finantza burujabetza: Olatukoopek sortu duen funts mankomunatua.

Etxebizitza burujabetza: Ankurkulu erabilera-lagapeneko etxebizitza kooperatiba eta hamar urteko okupazio esperientzia.

Teknologia burujabetza: Oñatiko Onaro proiektua; plataformekiko menpekotasunaren ondorioak.

Kultura burujabetza: pandemia bateko txatalak.

eta, horretaz gain…

Komikia: “Etzidamu”, Shukarek egina.

Uraren ibilbibidea: zazpi etapako zeharkaldia Euskal Herrian barna.

Kultur gomendioak: gozatzeko hamabi irakurgai eta hamabi ikusentzunezko.

The post Gakoak 2021: Nor da gure buruen jabe? appeared first on ARGIAren barrenak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.