2019-11-29 10:49

[Miren Osa Galdona] Gutxi edo apenas izan du tarterik gure memorian, ustez lehen egunkaria izan behar zuen 1929ko saiakera hark.

Hemeroteka webgunerako Argiaren materiala digitalizatzen ari zirela aurkitu zuten Armiarmako kideek izenik ez duen egunkariaren 0. zenbakia, Koldo Izagirrek botatako amuari tiraka. 1929an Donostiako Argia astekariarekin batera lehen euskal egunkaria izan behar zuenaren prototipo bat kaleratu zen, eta Josu Landak dion moduan, ez da kasualitatea orduan kokatzea lehen mugarria, besteak beste, Lizardiren eragina nabarmena baitzen. “Lizardik idatzia zuen orduko Euskadi Buru Batzarreko kideei graziarik egin ez zien artikulu bat, non sotanarik gabeko egunkari baten alde egin beharra aldarrikatzen zuen”.

Euskaltzaleak taldeak azaldu zuen euskarazko egunkari bat kaleratzearen ideia, eta garaiko hainbat idazle erreferente batu ziren proiektura. Donostiako Argiak –garai horretan Zeruko Argiarekin lotura zuzenik ez zuenak– jarraipena egin zion mamitzen ari zen ekimenari, oso harreman estua eta gertukoa edukitzeraino. Lizardik aipatu omen zuen hutsetik hedabide bat sortzea baino, ea ez ote litzatekeen egokiago jada artikulatuta zegoen Argia astekariari egunkari izaera ematea, langile eta inprenta berrien beharrik eduki gabe. Unea ere primerakoa zela pentsa daiteke: egoera politikoak halako asmoak gauzatzeko “askatasuna” bermatzen zuen, Argiak irakurle multzo sendoa zuen, kazetaritza modernorako baldintzak zeuden… Bada, arazo ekonomikoak tarteko Argia ez zen egunkari bilakatu.

Itxura deigarria du 0 aleak. Orduko estiloari jarraiki, zutabe luze, hizki txiki eta informazio andana biltzen du lehen orrian; argazkiak ere baditu, baina ez egun ematen zaien protagonismo berarekin, askoz mugatuagoa baita azalean duten espazioa. Eziña egiña? dioen editoriala ezker aldean, euskarazko kazetaritza egunero argitaratzea posible litzakeela frogatzen duen adibidea da. Tokian tokiko gertakariak ere biltzen dira bertan, hainbat herritako albisteak zerrendatuz. Bitxia da, esaterako, euskaldunen ogibideak izeneko atala izatea, eta nekazaritza, arrantza eta lantegietako hotsak baino ez jasotzea; euskaldunon iruditegi klasikoa jarraituz. Eta zer esan publizitateaz: lejiak El Leon, “egin itzazu zure erosketak La Ciudad Condal-en”, “nueva sastreria ‘Olano’ren etxea”, Restaurant Recondo… Ez ziren gutxi lehen egunkari euskaldunari bultzada emateko prest zeuden iragarleak, ezta berau irakurriko zuketen irakurleak ere.

Ale bakar hartan geratu zen 1929ko lehen euskal egunkaria sortzeko saiakera. Eskerrak geroztik euskarazko egunkaria gauzatu zen, behin eta birritan.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.