2022-07-07 07:37

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Fenomeno bat da memeena, batez ere gazteen artean. Denetik dago, mundu bat da; baina egin al daiteke mundu horretan euskaraz? Bidea errazteko sortu du Memeka.eus plataforma Iametzak –ARGIA, Antza eta Adurrekin batera Ametzagaiña Taldean dagoen komunikazio eta teknologia enpresak–. Beste hizkuntza askotan memeak sortzeko plataformak ezagunak dira eta hemendik aurrera euskaraz sortzeko aukera ere badu nahi duenak. Dagoeneko martxan da eta oihartzun handia izaten ari da.

Erronka handia bilakatu da azken urteetan gazteak + teknologia + euskara formula egokia topatzea. Zerbait erreala. Erabilgarria. Erakargarria. Eguneraketak konstanteak diren honetan, memeak dira gazteen komunikazio klabeetan funtzionatzen duten zerbait eta hor euskarak eta euskaldunek euskaraz leku bat izatea lortu nahian sortu da Memeka.eus. Sartu du muturra eta badirudi egin duela bere lekutxoa pantailen munduan.

Nola erabili?

Argazki galeria bat topatuko du erabiltzaileak plataforman. Irudi batzuk meme giroan oso ezagunak direnak eta horri gehitu zaizkio euskal kulturan, euskal gizartean, ezagunak edo erreferenteak izan daitezkeen beste hainbat. Topatu ditzakegu Idoia Torregarai, Txirrita, Goenkaleko Maria Luisa, Irabazi arte telesaileko protagonistak, Ataun of the death filmeko eszenak edo Wazemank-ekoak, besteak beste. Beti atzerriko erreferentziak erabili beharrean, aukera eskaini nahi zaio memegileari bertako pertsonaiak eta erreferentziak usatzeko.

Erregistratu egin zaitezke edo ez. Erregistratuz gero, modu pribatuan zein publikoan erabili ahal izango dituzu memeak. Alegia, nahi izanez gero plataforman bertan publikoki zintzilikatzeko aukera izango duzu zuk sortutakoa, eta nahi ez baduzu modu pribatuan erabili, zure sareetan nahi duzunari soilik bidaltzeko. Erregistratzen ez bazara, aldiz, ez duzu zure memea publiko egiteko aukerarik izango.

Berrehun bat erabiltzaile ditu dagoeneko erregistratuta Memeka.eus plataformak eta publiko egindako memeen estiloari erreparatuta gehiengoa nerabeak direla ondoriozta liteke. Dena den, plataformaren sortzaileek diote gehiago izango direla erregistratu gabeko erabiltzaileak, erregistratuak baino. Beraz, martxa politean doala dirudi.

Gustura daude egindako lanarekin, akaso eureka! esatea gehiegizkoa bada ere, gazteak + teknologia + euskara formula egokira gerturatu baitira, nerabe euskaldunek, modu natural batean, pantailetan euskaraz aritzeko berena egin baitute.

The post Euskaraz ere egin daiteke barre appeared first on ARGIAren barrenak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.