2018-01-16 13:54

[Itsaso Zubiria Etxeberria:]

Sonatuak dira euskal diasporako hainbat txokotan antolatzen diren ekintzak, sarri munduan zehar barreiatutako Euskal Etxeek bideratuta. Baina guztiek dute ahazten ez duten zita bat: abenduaren 3a, Euskararen Eguna. Modan dago gai bakoitzari egun bat jartzea, eta data jakin horiek probesten ditugu kanpaina berriak abian jartzeko, publizitatea egiteko, batzuk urte osoko lan nekezaren emaitza erakusteko, eta zergatik ez esan, beste batzuk aurpegia zuritzeko ere bai. Ez da Valentziako Euskaltzaleok elkartearen kasua azken hori, eta sorpresa ederra eman digute.

Abenduaren erdialdera jaso zuen posta elektronikoa ARGIAko kazetariak, Herrialde Katalanetatik igorria. Bertan eskakizun bat: abenduaren 3an Valentziako Pilar plazan ospatutako Euskararen Egunaren laburpen-bideoa zintzilikatzeko multimedia atalean –goian ikusgai duzuna–. Itxuraz, ARGIAk “zale amorratuak” ditu Valentziako Euskal Etxean, eta bideoaren igorleek kideak “gustura utzi” nahi. Hortik eskaera.

ARGIAren aurkezpena

Mezuak ez zuen eskaera hori soilik aipatzen, ordea. Bazuen bigarren parte bat, barkamenak eskatuz hasten zena. Jai-giroa aprobetxatuz baina batere abisurik pasa gabe, ARGIA proiektuaren aurkezpena egin zutela, eta barkatzeko.

Barkatzeko? Mesedea egin eta gainera barkamen eske? Lehendik gordeta zituzten aldizkariak ere banatu zituzten gerturatutakoen artean, ea harpidedun berriren bat egitea lortzen zuten! A zer pagotxa ARGIArena horrelako komunitatearekin…

Racó de la Corbella tabernan izan ohi dute astekaria bezeroentzat eskuragarri, eta Ateneu horretan bertan euskara klaseak ere ematen dituzte. Beraz, ikasleek euskarazko komunikabidea eskura izaten dute.

Valentziako lagunoi, zuei barkamenik ez, eskerrak eman behar dizkizuegu. Horrelako ekintzek erakusten digutelako ARGIA jendeak indartsuago egiten gaituela. Berriz ere jarraituko dugu komunitatean sinesten.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.