2021-10-25 13:00

Abian da beste urte batez Errigora ekimenaren udazkeneko kanpaina, Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka lelopean. Nahi duen orok otarrak eskuratzeko aukera izango du Errigoraren webgunean zein ohiko puntuetan, eta hala, Nafarroa hegoaldeko laborantzari, euskararen aldeko proiektuei eta euskalgintzari ere ekarpen ekonomikoa egingo die.

2013an abiatu zenetik, Argian gertutik jarraitu izan dugu Errigoraren ibilbidea. 2014an Argia Saria eman genion, bertako produktuak eta euskara uztartzeko egindako kanpaina arrakastatsuagatik. Geroztik sarritan bildu izan gara elkarri nola lagundu aztertzeko, bat egiten dugulako hala balioetan nola helburuetan: euskara, elikadura-burujabetza, auzolana…

Aurten ere Errigorako komunikazio arduradunak Argiako kideekin izan dira, eta harreman horren ondorioz ekimenak martxan jarritako Agerraldia proiektuaren berri eman dugu joan den asteko aldizkarian (2751 zk.) erreportaje batean, Argiazaleak ikusiko zuenez.

Duela bi urte sortu zen Agerraldia sarea –gure multimedia kanalean lehen pausoen kronika duzue ikusgai–, euskararen aldeko kanpainaren iraunkortasuna bermatze aldera; euskara bultzatzeko proiektu eta egitasmo zehatzak diruz laguntzen ditu, aurretik ager-eko herritarrei galdetuta. Bi datu: aurten 18 ludoteka berri izango dira Nafarroa hegoaldean eta erdialdean, eta 25 ekoizlek euskara plana martxan jarri dute.

Zozketan parte hartzeko

Errigorarekin abiatutako elkarlanari esker, Nafarroa hegoaldeko ekoizleen bost otar jasoko ditu Argiak, eta gure proiektua ekonomikoki sostengatzen duen Argia Jendearen artean banatuko ditugu.

Zozketan parte hartzeko, Argiako kideek komunitatea@argia.eus e-postara idatzi edo 943 37 15 45 telefonora deitu dezakete izen-abizenak emanez, azaroaren 8a baino lehen.

The post Errigoraren bost otar Argia Jendearentzat appeared first on ARGIAren barrenak.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.