2018-10-14 11:12

ARGIAren egutegia. Ez ditu astekariak bezainbat urte izango, baina klasikoetako bat da etxe honetan. Eta jarraitzaile klasikoentzat droga gogorra den moduan “engantxatu” nahi ditugu berriak ere informazioaren monodosi hauetara. Hartzea sekula ahaztuko ez duzun eguneroko pilula.

Asko dira urte berriari ekin aurretik Durangoko Azokan beren “takoa” erosten dutenak, azkar bukatuko direnaren beldur. Gutxi izango dira menpekotasuna kontrolatu eta urtarrilaren 1era arte zain egotea lortzen dutenak, egutegiaren atzealde bakar bat ere begiratu gabe. Bada, laguntza txiki bat emango dizut, irakurle, 2019an sartu arteko hiru hilabete hauek ARGIAren egutegia kuxkuxeatu gabe pasatzea arinagoa izan dagizun. Dena sekretuan gorde beharrean, datorren urtean topatuko dituzun gaiak zein izango diren jakin nahi?
Mendeurrena izango da protagonistetako bat. Honezkero irakurria izango duzu han edo hemen ARGIA 1919-2019 edo antzekoren bat. Ez dugu aukera galdu, eta ARGIA eta Zeruko Argia zaharretan murgildu gara, hauts artean, aldizkariko azal (gure ustez) esanguratsuak berreskuratzeko. Gai izango al zara irudia ikusita urtea asmatzeko? Bertsoek ere beti izan dute lekua astekarian, irakurleek bidalitakoak bezala kolaboratzaileek idatziak, eta ehun urteotako bertso guztiak aurkituko ez badituzu ere, bilduma txiki bat osatu dugu orduko idazkera eta hainbat gai eta kezka ezagutzeko.

Ehungarren urteurrenaren ospakizuna ez da egutegian bakarrik islatuko, eta ez dugu gai berarekin beteko urte osoa. Irakurriko duzu Euskal Herriko etxeen eta itsasargien, estaturik gabeko nazioen, landareen edo euskararen erabileraren inguruan, ezagutuko dituzu gure herriko zenbait bazterretako esaera zaharrak, barre egingo duzu 2018ko Beranduegiren bildumarekin, eta jolas egingo duzu perretxiko, kultur edo kirol kontuetako tribialekin.

Pista hauek izanda lortuko al duzu 2019ra arte egutegia plastikotik atera gabe edukitzea?

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.