[Itsaso Zubiria Etxeberria] Bi nahikoa ez eta hogeita zazpi zapatarekin iritsi zen ARGIAra, aiztoa astinduz alde guztietara. Umorerik galdu gabe, sartu zien kutxillo txikia gurasoei, turismoari, gizon eta gizonkeriei, indar okupatzaileei, euskaldunei, euskaraz ez dakitenei, teknologiaren eta egungo droga berrien yonkiei… Iritzirako fitxaketa berria dugu Imanol Epelde Pagola eta esan didaten bezain pronto joan naiz 27 zapata bere blogeko hemerotekara, berrikustera duela lauzpabost urte ikusi eta gozatu nituen bideoak.
Etxe honetan dagoeneko aurkezpen handiegirik behar ez duena da eta lanak gehiago errazteko, gainera, denboraldiko bere lehen sarreran kokatu gaitu irakurleak. Honela dio: “Gizonezkoak ziren gehienak sanferminetako entzierroetan; gizonezkoak ia denak Frantziako Tourrean; gizonek hartu dute udako musika jaialdietako oholtza eta backstage-a; gizonezkoak dira nagusi bertso-plazetan; gizonezkoak dira Donald Trump, Vladimir Putin eta Benjamin Netanyahu ere. Eta hara, hemendik aurrera, gizon bat arituko da ARGIAko plaza honetan ere idazten: gizon zuri heterosexual bat, 50 urteren bueltakoa, sistemak jaten ematen dion horietakoa. (…). Eta bai, plaza honetan arituko naiz ni ere, progre, autokritiko. Zeri buruz baino nondik idazten asmatu nahian: Gizon zuri, heterosexual, patrikabete euskaldun bat munduari kopla berriak jartzen, euskaratik”.
Berriketa gutxi. Hala du izena zutabeak eta izan liteke aurretik izan dituen iritzigileen mailagatik, Epelderen aurretik igaro baitira Aritz Galarraga, jantzi gintuena literaturaz; Uxue Apaolaza, xehatu zituena hamaika gai sozial; eta June Fernandez, murgildu gintuena feminismoan. Baina berriketa gutxi Zarauzko piratarekin, labana ahoan duela heldu baita, Euskal Jaiak pasa berritan.
Azken urteetan irakasle lanetan aritua, aurrerantzean sorkuntzari tarte handiagoa emateko asmotan da. Irakasle lanetan zebilela sorkuntzari eskainitako denbora murritzean egindakoa gustatu bazitzaizun, irakurle, pentsa zer egitera iritsi daitekeen aurten! Euskal oasia dardarka dago.
The post Berriketa gutxi zutabegile berriarekin appeared first on ARGIAren barrenak.
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.