2019-07-15 07:21

[Itsaso Zubiria] Pelikularik arrakastatsuenak ere, sarri, liburuetan oinarrituta egon ohi dira. Bizibaratzea.eus webgunearena ere fenomeno bera da. Bizi Baratzea liburuak izandako arrakasta ikusita (bosgarren argitaraldia kaleratu berri da, 12.000 ale saldu dira dagoeneko) sortu zen izen bereko web orria, mundu digitalak eskaintzen dituen aukerak probestuz landareek eta lurrak hartzen duten eremu zabal horretan bere lekua egin eta erreferentzia bilakatu asmoz. Eta lortu egin du.

2016ko irailean eman genion ongi-etorria webguneari orrialde honetan bertan. Errekondoren tenplu berria hots egin genion. Webgunea etengabe berritu dugu geroztik, eta irakurle kopurua gora doa: hilean 50.000 bisita jasotzen ditu webguneak, eta astelehenero e-postan buletina doan jasotzen dutenen kopurua 2.000 lagunetik gorakoa da dagoeneko. Buletin honek bizibaratzea.eus webguneko azken berriak zabaltzen ditu eta ARGIAren buletin tematikoen artean jarraitzaile gehien dituena da.
Fidelek maiteena dute “Asteko lanak” deitutako atala. Izenak berak garbi esaten duenez, ilargiaren mugimendu eta posizioari erreparatuta baratzean aste horretan egin beharreko lanen zerrenda da. Webguneko sail honetan ibiltzen da jende gehien. Aukera ere badago Jakobari berari galderaren bat bidaltzeko, eta hori ere jarraitzaile askok egiten dute.

Lurrari lotutako gaietan lanean ari diren guztien elkargune izateko asmoz sortu zen orrialdea, eta hasieratik jartzen zen agendaren adibidea. Euskal Herriko zazpi lurraldeetan gaiari lotutako ikastaroak, hitzaldiak, azokak, bisita gidatuak eta beste hainbat ekitaldi, denak agenda bateratu batean biltzea zen helburua. Eta lortu da. Ez dago beste inon horrelakorik, astero ehun ekitalditik gora gehitzen dira. Lurrari lotutako “Eragileen plaza” ere badago, bere webgune propioa ez duen edo sarean bere informazioa zabaldu nahi duen talde edo elkarte guztientzat irekia. “Landarepedia” atala ere sortu da, landareen entziklopedia funtzioa osatzen duena. Eta Jakoba Errekondok eta Garazi Zabaletak ARGIA astekarian argitaratzen dituzten artikuluak webgunean bertan irakurri ahal izateaz gain, ARGIA k zabaltzen dituen igurumenari, lehen sektoreari, lurrari eta abarri buruzko albiste guztiak ere jasotzen dira bizibaratzea.eus webgunean.

Eta hau guztia modu parte-hartzailean eginda. Webgune irekia da. Nahi duenak agendan ekitaldiren bat gehitzeko aukera du, Jakobari galderak egin, hiztegian hitz edo sinonimo berri bat gehitu, “landarepedia”n informazio berri bat sartu, eragilea bazara profila osatu eta zure informazioa partekatu…
Baratzea bizi da. Bizia da. Bizi dabil.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.