2019-02-15 11:33

[Koldo Izagirre] Baiona Bilborekin lotuko zuen benetako bidexabala izanen omen genuen autopista. Negozio arrotz hura euskaldunen onerako izan zitekeen nolabait, egituratu eginen baikintuen bizkarrezur senidegarri batean. Gero eta multzo murritzagoa eta egunean baino egunean garrantzi ekonomiko eskasagoa zeukan sektoreak nozitu zuen aurrerapena. Donostiako mugapean zegoen Intxaurrondo auzunean hemeretzi baserri suntsitu zituzten, nekazaritzako lursail handi bat azpiratuz. Usurbilen, besteak beste, Udarregi bertsolaria zenaren Artikula Aundi baserria birrindu zuten. Intxaurrondon berriz egun kale izena den Otxoki baserria bota zuten, hura ere bertsoleku.

Ni naiz Otxoki deitzen nautena, hola zan gure etxea,
neronen bistan egokitu zan teilatuak lur jotzea,
hura ikusita nere barruak pasatu zuen trantzea!
Nere bihotzak dadukan penik ez da posible kentzea.

Terry del Valeko markesarentzat izan zen desjabetzaren mozkina, baserritarretan banaka batzuk baino ez ziren lurjabe. Lau urte eman zituzten etxeak noiz botako zizkieten, eta hustu beharra era gogorrean egin zen, indar armatuen begipean eta egun batetik bestera.

Hasarre xamar hartu gaituzte oso gorroto gogorrez
geren etxetik ateratzeko desafioka egurrez,
andre eta gizon, zahar eta gazte, guziak hoien beldurrez,
hilabetean famili asko egondu gera negarrez.

Patxi Lazkanok bi bertso sail egin zituen gertakari honetaz. Lehenaren hiru bertso Basarrik argitaratu zituen La Voz de España egunkarian zeukan atalean, eta berehala zabaldu ziren kaltetuen, herritarren eta bertsozaleen artean. Beldur pixka bat pasatu behar izan zuen Patxi Lazkanok, 1975-76 urte haiek, izan ere…

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.