2019-04-12 07:35

[Koldo Izagirre] Ehungarren alea, eta euskaldunak bere burua eraikitzen abiatuak… Orduan geneuzkan euskarazko aldizkari xumeei laguntza ekonomikoa eman ezkero, “Guk bai euskerea jasoko geunkela” dio Aita Onaindiak. “Bertsolari haundietan haundia da Xalbador”, aitortzen du Basarrik. Alemania zatitua arazo bat dela Europarentzat uste du Rikardo Arregik. Irratiek zaborra emititzen duten artean gure kontzertu aretoak hutsik egonen direla beti diosku Jon Oñatibiak. Teatro taldeak gero baino gero indartsuago dabiltzala jakinarazten digu Iñaki Beobidek, denak lanean fin. “Iruditzen zait gaurko euskal poesia gerraurreko grado gailena alkantzatzen hasi dela” ematen du sententzia Gabriel Arestik. Gure industriari buruz “Burgesiaren jokabidea izan da lantegiak hedatu eta pilatzea, makina garestien ordez peoi talde merkeak erakarriaz” argitzen du Gurutz Ansolak, teknikan eta ikerketan helduko zen krisia iragarriz. Eta Oteitza’tar Gorka delako batek sinaturiko poema kontrazalean: “Euskeratu behar banaute, zergatik deitzen didak Zeruko Argiatik? / Honela aldentzen ikusten banauk / haur nintzaneko nere hizketa galdua jasotzerik ezin onartu dezakedalako dek / ez zioat inori barkatzen / zeruko argia nork euskeratzen dik? / Ken esku hori / ez zaidak lagundu / nere buruaren bengazioa nauk…”.

Ehungarren alea, eta Zeruko Argia ezinbestekoa bihurtzen ari bere burua euskaratuz eta errealitatea euskaldunduz.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.