2019-09-05 12:50

[Koldo Izagirre] Hostoak galduz eta berrituz, jaio-hil-jaio zikloa iradokitzen du; gerizpea eta hazkurria emanez, ama oroitarazten: zuhaitza sakratua da hainbat kulturatan. Marrazki estilizatuetan gurutze bihurtu zen, eta erlijio batek beretu zuenetik bestelako adierak hartu ditu zuhaitz-gurutzeak. Oro har, fedeginek goratasun espiritualaren leku izendatu zizkiguten gailurrak, eta zerura behar hori baliatuz, XIII. Leon Aitadoneak gurutzada bat agindu zuen 1899an: gailurrak konkistatzekoa. Estakurua, mende berriari ongi etorri zintzo bat ematea. Ez, ez dira hain betidanikoak gure mendietan ikusten ditugun sinbolo horiek. Zergatik burdina eta zementu puska horiek eremu publikoa diren tontorretan? Belaunaldiz belaunaldiko hitzarmen batek hala nahi duelako dauzkagula hor, erantzun ohi du kristauak. Gurutzea torturaren, heriotzaren eta gerra santuzikin guztien ezpatarik ankerrena izan dela ohartarazten digu laikotasunak.

Suitzan egin zuten mendietako gurutzeak kentzeko saio bat. Kentzen hasita, banderakoa ere kendu behar litzatekeela argudiatu zuten tradizionalistek… Komenigarriak izaten dira salbuespenak batzuetan. Gure ikurrina ere ez zen hain ikusgarria izanen gurutzea kenduta; Gorbeiakoa kontraeraso gogorrean berreskuratu zuten gudariek 1937ko martxoan, eta merezi luke zutik irautea: Marichu sube al monte y verás / la Cruz del Gorbea brillar / y en lo más alto tu gritarás… / Aurrera mutilak! Tamala genuke benetan letra aldatu beharra halako abesti bihotz-altxagarriari.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.