2019-01-17 15:16

Ehun urte dira 2019 honetan Zeruko Argia sortu zela Nafarroako herrixka bateko komentu zahar nobizio euskaltzalez betean. Bere makalaldiekin, bere piztualdiekin, bere etenekin eta bere aro desberdinekin, historia eta ondare aberats baten oinordeak gara, egun, Argia egiten eta irakurtzen dugunok.

Urteurren berezi hau ospatzeko, gai eta garai desberdinetako 45 portada hautatu ditugu, proiektu hau eusten duen komunitatearentzat opari: aldizkariek, eta bereziki kazetaritzako aldizkariek, hitzez baino indartsuago ageri ohi dute ildo editoriala irudiz.

Buletin hartatik egungo astekarirainoko azalak gure historia politikoaren frogak dira, gure egoera kulturalaren islak, eta, irudiz emanak izanik, arte album bat osatzen dute. Koloreak, motiboak, argazkiak, alegoriak… edertasun adierazkor bat, arte aplikatuaren eredu hainbat artistaren lanez: gure historiaren une eta gertakari garrantzitsu mordoxkaren interpretazioa.

Koldo Izagirreren idatziak lagun, esku artean duzun kaxa honetan gordetzeko aukera izango duzu urte osoan zehar banatuko ditugun azalak, astero bana. Historiaren parte bilakatu diren lan hauek tamaina handiagoan eskuratu nahi izanez gero, ARGIA.eus/azoka helbidean aukera izango da.

Ez ditu edozein proiektuk 100 urte betetzen. Are gutxiago euskara hutsez funtzionatzen duen komunikabide independente batek. Mundua dantzan ikusi nahi dugunontzat, bada ospatzeko motibo. Horregatik, ARGIAren mendeurrena baliatu nahi dugu proiektu hau sendotzeko. Lagun gehiagorengana heltzeko. Eragiten jarraitzeko.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.