ARGIA.eus

2019ko ekainaren 18a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.
2019-05-24 11:12

[Koldo Izagirre] Ilunabar oro bezala belardietan lasterka Aitor Ardura, inon ez bezalako berdeak baitira inguru hauek orain. Bizitasun bejetal honek garuna formateatzen dio. Horregatik ari da lider bat bihurtzen bere alderdi politikoaren barruan. Beti bezala, neuronen higienea eginez herriaren etorkizuna hausnarturik, Basilikaren aurrean azaldu da. Zeinen obra ederra! Ateak zabaldu zaizkio, biokonputadoreek kudeatzen dute Basilika. Bazekien. Atzo ez zegoen garraio zinta bat ikusi du. Gainean dakarrenak halako durduzamendu bat eragin dio, baina luze gabe baretu zaio bihotza.

Hain samur esplikatu dio Basilikak?

Gizakia bizi deino agortuko ez den ekaia izanik, gorpuak konpostatzen hasi gara. Mundu mailako esklusiba. Giza gorputzeko harrak, portzelanazko haginen titanioak eta mokorren polietilenoak osotasun kimiko bat bihurtzea lortu dugu. Prozesuan sortzen den gasa, bestalde, ongarri ezin hobea dela frogatu dugu, lurralde osoan hedatzeko asmoa daukagu gure tximinia indartsuetarik. Aberastasuna sozializatu. Lanpostuak sortu. Erreferentea bihurtu ekonomia globalizatuan, inon baino berdeagoak izanen direlako gure futbol zelaiak.

Ateak itxi zaizkio?

Laster gorpu kopuru garrantzitsua hartzekoak gara Sirian eta Somalian bildu hildakoekin. Baina titanio eta polietileno gutixko ekarriko dutenez, bertako gorpuak ere behar ditugu.

Garraio zinta?

Aitor Ardurak bazekien biokonputadoreek kudeatzen dutela Basilika, baina ez zenbateraino: belarrian dindilizka daroan eraztun karioa detektatu diote. Lili Larrondo amorantearen oparia zen, Guggenheimen erosia.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.