2019-11-13 11:04

[Koldo Izagirre]

Ezein legeditan idatzi ez den lege hori.
Ezein legeditan idatzi ez den arren
idatzitako lege guztiek baino
indar bortitzagoa duen lege hori.
Jainkoak emana izan behar duen lege hori.
Ezpainak lore izatea nahi lukeen lege hori.
Loreak mutu bihurtzen dituen lege hori.
Naturak berak eskertzen duen lege hori.
Betazaletan ere agintzen duen lege hori.
Geure buruaz lotsarazten gaituen lege hori.
Errudun egiten gaituen lege hori.
Zokorik ilunenean
arnasa hartzen duen lege hori.
Hitzak garbi bizi diren hartara
eragozten digun lege hori.
Ezer irakurri ezinik gauzkan lege hori.
Inoiz, inola, inon
debekatuko ez duten lege hori.
Beste lege hori.
Esku zikin horiek.
Auzi joko ez diegun esku horiek.
Ahoa tapatzen eta tapatuko duten
esku anonimo horiek denak.
Joseba Larratxeren irudi ederrak
dioskun hori guztia.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.