ARGIA.eus

2019ko maiatzaren 22a

Eragileen plaza!

SORTU KONTUA
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.
2019-05-15 16:44

[Koldo Izagirre] Aurreko batean, gure ekonomatu txikitxora hurbildu nintzenean, bazekitela esan zidaan kaiolari batek, bazekitela jaleoa izango zutela gaur ate nagusiaren aurrean. Ez zutela inolako jaleorik edukiko esan nioan, guardiazibilek ez zietelako arrimatzen utziko, errepidetik ari beharko zutela buila pixka bat ateratzen. Eta halaxe gertatu duk zorionez, tirorik gabe. Altabozekoa ez diagu ondo entzun gure patiotik, xerra prejitzen ari balira bezalako zarata ateratzen zian, seguru ez dutela konprobatu munizioa ondo zeukan. Horretarako sindikalistak izaten zarete onenak, zuek pila berriak ipintzen dizkiezue beti altabozei manifestaziora ateratzen zaretenean. Gero betiko oihuak, presoak, amnistia? Eta Telesforo Monzonen kantua, Kalera kalera borrokalari kalera, hire indarraren beharra diagu gure indarrarekin batera, zain dago ama zain aita zain andre eta lagunak? Amaitu dutenean Eusko Gudariak kantatu diagu guk ere, hirugarren patioko gizonezkoek bezala. Orain kartzelaren albo batera etorriko dituk manifestariak beren pankartekin, poligono industrialean zehar, semeek, anaiek eta senarrek hagen artetik egiten dizkieten diosalak ikusteko. Hezetasun handia zagok patio honetan, barrura noak. Gure ziegetatik ez zagok inor ikusterik, mendi puska batzuk besterik ez. Dena duk benetako borrokalarientzat, ziegarik onenak, ekonomatu hornituak, senideak, kantuak? Amnistia oraindik ere luzatu litekeenez, ba, bisitan etorriko bahintz poz handia.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.