2020-03-18 12:11

Covid-19 osasun krisia. Beldurraren krisia, shock ekonomikoa eta esperimentu soziala. Hala titulatu genuen aldizkariaren azalean joan den astean, pandemia Euskal Herria gogor kolpatzear zela. Ez da txantxetako kontua. Azken asteetan denon bizitzak goitik behera aldatu ditu birus honek. ARGIAko lantaldeak ere neurri bereziak hartu behar izan ditu funtzio soziala betetzen jarraitzeko. Joan den ostiraletik lankide guztiok etxetik ari gara lanean, informatzen eta krisi honen nondik norakoei jarraipena egiten. Eta egia esan, orain bi urteko urriaren 1ean Katalunian egin zuten autodeterminazio erreferendumeko egunaz geroztik inoizko bisita gehien izaten ari gara egunotan webgunean. Milesker konfiantzagatik.

Bizitzak erdigunean jarri nahi ditugula esaten dugu. Horrek ordea, kontsekuente izatea dakar. Proiektu hau egiten dugunok kontziente gara astero milaka etxetara bidaltzen dugun paperezko aldizkaria pertsona askok osatzen duten kateari esker gauzatzen dela. Aldizkaria inprimatzen duen Antza inprimategiko gure lagunetatik hasi, paperak, tintak eta zorroak ekoizten dituzten langileetatik pasa, garraiolariekin jarraitu, aldizkariak kioskoetan saldu edo etxez etxe banatzen dituzten postarietara helduz, besteren artean â€'azken hauek, gainera, egunotan salatzen ari dira Correosek ez dizkiela segurtasun neurriak bermatzenâ€'. Horregatik, ARGIA egiten dugun langileok uste dugu ezinbestekoak ez diren lanetan ari diren pertsonek beren etxean egon behar dutela asteotan, beren segurtasunagatik. Horregatik erabaki dugu salbuespen egoera honek iraun bitartean astekaria ez dugula paperean inprimatuko. Hedabide honen 101 urteko historian, 36ko gerrak eta frankismoaren zentsurak batetik, eta 80ko hamarkadako arazo ekonomiko larrien ondorioz soilik utzi izan zaio paperean argitaratzeari. 2020ko osasun krisia zerrenda horretan sartuko da beraz, baina oraingoan, guk geuk erabakita. Dagoeneko etxeetara bidean den 2.682 zenbakia izango da denboraldi batean paperean banatuko dugun azkena. Azalean generorik gabeko euskal dantzaren aldeko aldarria, Oier Araolazarekin elkarrizketa daramana.

Denboraldi baterako paperean inprimatuko dugun azken aldizkaria.

Hala ere, www.argia.eus helbidean aktualitateak ematen duena jorratzeaz gain, erreportaje, elkarrizketa eta bestelako edukiak jorratzen jarraituko dugu, hats luzeko kazetaritzak bere funtzioa duela uste dugu. Badakigu proiektu honen parte sentitzen diren pertsona ugarik ez daukatela interneterako sarbiderik â€'izan adinagatik, arrazoi ekonomikoengatik, edo askatasuna ukatua zaielakoâ€', eta pertsona horiek ARGIArik gabe geratuko direla epe jakin baterako. Horregatik, irudimena baliatuz komunitatea josten jarraitzeko deia egin nahi dugu (astindu telefonoak eta inpresorak). Txineraz krisi eta aukera esateko hitz bera darabilte eta guk ere, berrogeialdiak iraun bitartean, XXI. mendeko kazetaritza ereduei buruz erabakiak hartzeko baliatuko dugu. Berrogeialdirik ez kazetaritza kritiko eta independenterik gabe!

Herri gisa etxeetan sartu behar izan dugu eta gure webguneko bisitak biderkatu egin dira. Hala ere, jabetzen gara jende askok ez dituela oraindik ezagutzen egiten ditugun gauza interesgarrienetako batzuk. Adibidez, multimedia kanala, guk egindako erreportaje eta elkarrizketez gain, azken hamar urteetan euskaraz sortu diren dokumental, film-labur, hitzaldi, ekitaldi, web serie, bideo herrikoi eta abarren biltokirik osatuena. Edo gure Instagram eta Telegram kanalak. Edo azken urtean abiatu ditugun Podcastak. Edo Interneten dena hain iragankorra izateaz gain, komunikazio bideak multinazionalen eskuetan geratzen ari den garaiotan arrakasta berezia duten eguneko buletin elektronikoa eta bere senide tematikoak. Azkenik, etxean denbora asko izango dugunez, gogorarazi nahi dugu ARGIAren hemeroteka guztia dagoela eskuragai â€'eta 1919 arteko aldizkari guztiak eta fototeka osoa eskuragai jartzeko lanean ari garaâ€', bertan ehunka elkarrizketa, erreportaje eta artikulu interesgarri topatuko dituzue.

ARGIAn ez gaude geldi. Azken urteetan proiektu honetan aldaketa txikiak egiten ari gara, bata bestearen atzetik: izan barne antolaketaren horizontaltzea â€'soldatatik hasitaâ€' zuzendariaren figura ere kentzeraino, izan ekonomia sozial eraldatzailean agente aktibo gisa ematen ari garen pausoak, proiektu honetan lan egiten dugunon artean berdintasuna bermatzeko ematen ari garen pauso feminista zehatzak, edo Euskal Herriaren, euskararen herriaren, lurraldetasuna bermatzeko egin ditugun kontratazioak (hemen I eta II), ARGIAn nominako langileekin lantaldea osatzera iritsiz Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa eta Behe Nafarroako kazetariekin, eta zazpi lurraldeetako kolaboratzaileekin. Euskal Herria irakurgai berekin batzen laguntzeko.

ARGIA ez da hedabide bat gehiago, eta argi dugu kazetaritza ez dela negozio bat gehiago. Kiosko eta telebistak kontrolatzen dituzten hedabide handien ondoan, proiektu hau ez da multinazional edo banku batena. Independentzia da gure altxorrik preziatuena. Proiektu honen jabeak hemen lan egiten dugun kazetariak gara, eta batzuk gure aurretik ongi izerdituta eraikitako etxean lan egiteko zortea dugu. Ez dugu inorekin zorrik, ez politikorik ez finantza arlokorik. Gardenak gara eta norabide horretan pauso gehiago emateko lanean ari gara.

Analisi periodistikoa egiten badugu, gu oso pozik gaude. CIES estatistika etxeak emandako azken datuen arabera, 2019ko lehen urte erdian 51.000 lagunek irakurtzen zuten aldizkaria astero (Ipar Euskal Herriko lagunen datuak ez dituzte kontatzen), eta bigarren erdirako, kopuru hori 59.000ra igo zen. Datuak tentuz hartu behar badira ere, hedabide gehienek baliatzen dituzten estatistika hauen arabera, %13,6ko igoera urte bakarrean. Oso ezohikoa da hori gaur egungo prentsan, eta oso pozik egoteko arrazoi bat gehiago da. Horrez gain, webgunean iaz 1.743.646‬ bisita izan genituen, Google Analyticsen arabera. 2016ko abenduan harpidetza eredua aldatu genuenetik, bisitak %35,68 igo dira. Izugarria da hori gurea bezalako proiektu batentzat. Eta urtez urte, gora doa. Eta azkenik, garrantzitsuena. Azken lau urteetan, 1.750 lagunek baino gehiagok egin duzue bat proiektuarekin. Plazer hutsa da horrelako komunitatea izatea.

Oso harro gaude eraiki dugun guztiarekin. Baina aldi berean, badakigu ARGIA oraindik orain proiektu hauskorra dela. Asko hazi gara, gaur egun 25 langile ari gara bertan, eta kontratazioak tentuz egiten jarraitzen dugu. Gure atzean baina, ez dago diru galerak baleude edo egoera ekonomikoa okertuko balitz erreskatatuko gaituen enpresari handirik. Irakurleek eusten dute proiektu hau, argi eta garbi, eta konpromiso hori gabe, ez genuke egitenduguna egiterik izango. Komunitateak, eta ARGIAren jardunetik abiatuta azken 40 urteetan sortzen joan garen Ametzagaina enpresa taldeak, izan Antza inprimategiak, Iametza interaktiboak eta Adur software enpresak.

Kazetaritza botereari gertuko jarraipena egiteko herritarren tresna gisa ikusten dugu eta gure lanarekin hori praktikan jartzen saiatzen gara. Azken asteetan, adibidez, Zaldibarko zabortegiaren krisian, bestela jakingo ez ziren hainbat informazio argitaratu ditugu, eta ez gure kazetariak hobeak direlako, eskuak libre dituztelako baizik. Boteretik gertuago dabiltzan beste hedabide askorekiko aldea, ARGIA Jendea zarete. Hala ere, gauzak garbi esatea komeni da, eta proiektu hau irakurtzen dutenen ehuneko oso txiki batek eman du berau ekonomikoki babesteko pausoa.

Horregatik guztiagatik, ARGIA proiektua babestea planteatu nahi dizugu.

Zure babesa behar dugu. Anima zaitez, mundu mailan parekorik ez duen gure harpidetza sistemari esker, zuk zeuk erabakitzen duzu zenbat jartzeko prest zauden kazetaritza independentearen alde, eta bueltan zer jaso nahi duzun. Komunitateari esker, egoera zaurgarrienean daudenei ere informazio eskubidea doan bermatzen zaie.

Elkar zaindu eta eutsi goiari. Denon artean, hemendik ere aterako gara.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.