2018-11-06 15:21

Argia sariak 2018. Goitik behera, ezker-eskuin: Jokin Aldazabal, Aitzol Barandiaran eta Eñaut Barandiaran; Gabi de la Maza, Vanesa Eguiluz, Zaloa Basabe, Uxue Alberdi eta Iñaki Berastegi; eta Joxe Mari Agirretxe, Mertxe Rodriguez, Aiora Zulaika eta Aitor Manterola. (Argazkia: Dani Blanco).

2019ko urtarrilaren amaieran banatuko ditugu urteroko Argia Sariak. Baina zer sarituko dugu? ARGIAko lan taldean urte hasieratik ari gara arakatzen han-hemenka; zorionez, gero eta gehiago dago saritzeko eta gero eta korapilotsuagoa da hautaketa egokia egitea. Gure begiak mugatuak dira, hala ere, eta horregatik eskatzen diegu laguntza gure kolaboratzaileei, horrela Euskal Herri osoa hobeto miatu dezakegu eta.

Hala ere, ez da nahiko, eta horregatik jotzen dugu gure komunitate zabalera hautagai eske. Beraz, irakurle, 2019ko Argia Sarietarako hautagai egokirik ikusten baduzu, jakinarazi iezaguzu mesedez.

Zer saritzen dugu? Euskarazko kazetaritza eta komunikazioa honako ataletan: prentsa saria, irratia, ikus-entzunezkoak, internet eta sustapen ekintza. Hainbatetan, halaber, Merezimenduzko saria ere banatzen dugu, euskal kulturan edo euskal gizartean nabarmendutako pertsona, lan edo proiektua. Saritu daitezke lan zehatzak, saioak, sekzioak, hedabideak, pertsonak, proiektuak…

Garrantzitsua da hautagaia aipatzea, jakina, baina are garrantzitsuagoa da argudiatzea zergatik sarituko zenukeen. Orain arteko sariei buruzkoak Argia Sariak kanalean ikus daitezke.

Proposamenak bidali helbide honetara: oirureta@argia.eus

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.