2020-03-12 15:38

ARGIAk lan moldeetan neurriak hartu ditu koronabirusaren pandemiari arduraz erantzuteko. Gizartean birus hau ahalik gutxien hedatzea funtsezkoa dela kontziente gara, osasun sistema kolapsatu ez dadin. Horregatik, Euskal Herri osokoak garen ARGIAko kazetari, administrari eta komertzialek martxoaren 13tik aurrera etxetik egingo dugu lan, elkar kutsatzea saihesteko eta mugikortasuna murrizteko.

Funtzionamendu aldaketa honek epe ertaineko iraupena izango duela aurreikusten dugu. Funtsean, tresna teknologikoen bidez koordinatuko dugu lana eta sail bakoitzak (erredakzioa, salmenta eta idazkaritza) bere eguneroko martxa etxetik eramateko modua definitu du.

Informatzen jarraituko dugu

Astekaria eta webgunea bermatzen jarraitzea dira gure lehentasuna eta epe laburrean ez dugu horretarako aparteko zailtasunik ikusten. Astekarian kasuan, bere banaketa Correosen esku dago eta zerbitzu horretan aldaketarik egoteak ekarriko luke ARGIA jendeak astekaria etxean jasotzeko arazoak izatea. Horregatik gogorarazten dugu badela astekaria PDFan jasotzeko aukera, helbide honetan izena emanda.

Zaintza lanak ere biderkatu zaizkigula jakitun

Eskolak itxi direlako edo ingurukoak gaixotzen badira, zaintza lanak biderkatu zaizkigu, ARGIAko langileoi ere. Etxetik lan egiteak eta ordutegi finkorik jarraitu behar ez izateak aukera ematen digu bi lan esparruak bateratzeko, eta bakoitzak, egunean egunean, norberaren egoera zehatzen arabera norberari ongien datorkion moduan lana antolatzeko.

ARGIAren lema eguneratua hau izan liteke: ARGIA, etxetik eragiten

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.