2020-12-02 12:58

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Lehengo astean Erosi herrian kanpainaren harira botatako diskurtsoaren ondoren, sartu dut sareko bilatzailean ARGIAko produktu baten erreferentzia eta hara non ireki zaidan, lau edo bosgarren postuan, Amazon munstroaren ahorako bidea. Ez da posible. ARGIA Amazonen? Ondoan dudanak dagoeneko igarri dit eta buruarekin keinu eginez galdetu ea zer dudan, muturra okertuta.

Deitu dut ARGIAra. Ez azalpen eske. Ziur naiz akats edo trikimailuren bat egongo dela tartean, ARGIAk berak ez dituela bere produktuak kate handian sartu. Deitu dut abisua pasatzeko. Baina dagoeneko denak jakinaren gainean dira. “Ez dugu Amazonen egon nahi, baina sekula bertan egoteko baimenik eman gabe ere, komeriatan gabiltza hortik ateratzeko”, erantzuna. Nik hots egin dudanerako lortua dute kentzea zenbait produktu. Bitartekaritza-lanetan ibili den pertsona, elkarte edo entitateari eskatu zaio kentzeko ARGIAren produktuak hortik eta hala ezabatu dira batzuk.

Itxura batera, ordea, ematen du denak ez direla bitartekari beretik iritsi Amazonera. DILVE Interneteko plataforma ere tartean dela dirudi. “Liburuen metadatuen banatzaile eta kudeatzailea” esaldiarekin aurkezten du bere burua plataformak. ISBN Agentzian erregistratutako liburu berri guztien datuak pilatzen ditu (izenburua, editoriala, laburpena, orri kopurua, azal mota, edizioa, argazkiak…) eta bezeroari zerrenda hauek igortzeko aukera du. Amazonek eskatzen badio, demagun, hilabetero berrikuntzen datuak bidaltzeko, posible du, nahiz eta produktua bera stock-ean ez izan, bere zerrendan liburu horiek ere gehitu eta publikoki eskaintzeko.

Kuriosoa da aspektu batzuetan zenbat borrokatzen diren batzuk lizentziak pribatu mantentzen, argitaratu duten erreportajea berea dela eta egilea aitortuta ere ez dizutela bere horretan zabaltzen utziko; baina, aldi berean, merkatuen logikan sartzean nola baliatzen diren merkataritza librearen zirrikituez bestearena dena hartu eta salerosketan etekina ateratzeko. Zenbat kate dituen batzuen libertateak.

ARGIAk jarraituko du lanean bere produktu guztiak Amazonetik ateratzeko eta segituko du antolatzen zuzeneko salmenta eta bere komunitatearekin zuzeneko harremana erraztuko dion formula.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.