2019-09-30 15:48

1999an “Gure Mendea” mahai jolas, liburu eta CD rooma aurkezten. Erdian Pello Zubiria orduan ARGIAko zuzendaria, eta eskuinean Iñigo Aranbarri eta Garbine Ubeda egileak.

 

[Miren Osa Galdona] Jada ohitu gara ARGIA hizkien lerro artean ez ezik, beste makina saltsetan ikustera ere: izan gai beroei buruzko liburu ekoizpenean, izan Euskal Herriko kamiseta aldarrikatuenen salmentan, edo izan lagun artean jolasteko jokoen sorkuntzan.

“ARGIAk betidanik egin izan ditu gauza ezberdinak”. Horixe Bego Zuzak lehen galderari botatako erantzuna, ARGIAren dibertsifikazioaz galdetutakoan. 80ko hamarkadan ARGIAk jada produktu propioak argitaratu zituen, aldizkaria kaleratzea bera nahiko erronka bazen garaian: Kike Amonarrizek eta Asisko Urmenetak zabaldu zuten bidea, txiste liburuak eta komikiak plazaratuz, eta kolaboratzaile sare zabal bati esker, bideari jarraitzeko adina indar izan zuten. Hala, mende berriaren estreinaldia ere parean tokatu zen eta XX. mendea kontatzeko modukoa izan zenez, Gure Mendea izeneko mahai-jolasa ondu zuten erredakzio barruan:“Gure Mendea deitu genion gure kontakizuna egin nahi genuelako, euskaratik eta euskal kulturari buruzkoa”. Ordea, ehun urte haiek ere ezin galdera sorta batean bildu, eta azkenean liburu zein CD gehigarriekin osatu behar izan zuten produktua. Jendearen harrera uste baino hobea izan zela dio Zuzak, eta horri helduta, ildo berri beti ekitea erabaki zuten.

90eko hamarkada aldera jaiotakoek badugu zer eskertu hartutako norabideari, Badakit tribial euskaldunaren aurrean pasatako orduengatik izango ez balitz, batek baitaki zer-nolako “kultura orokorra” edukiko genukeen egun. Bocamoll, Mihiluze saioren mahai-jolaserako bertsio katalana ere argitaratu zuten mende berriaren lehen hamarkadan. Orotara, 15 jolas ingururekin entretenitu eta ikasteko aukera dago gaur egun, nahiz eta zenbaitzuk katalogotik kanpo dauden. “Dibertsifikazioa beti lotu izan dugu sostengu ekonomikoarekin; beste diru-iturri batzuk bilatzea izan da beti asmoa”, dio Zuzak.

Etorkizunean zer? Bada bide beretik jarraitzea da asmoa. Egon adi urriaren 12an ARGIAk egingo duen egun handiari: bi produktu berri labetik ateratzear dira, eta ziur bat baino gehiago aho bete hortz utziko dutela!

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.