2019-06-14 10:19

Hendaiako X. Irakurraldiaren osteko aperitifa, Akelarre Elkarteak prestatutakoa.
ARGIAren “Trantsizioak” erakusketa ikusgai egon zen.

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Ziburuko I. euskal liburu eta disko azokan izan diren lagunei deitu diet asteburuko plana zer moduz atera den galdetzeko. Eguraldi paregabea suertatu zitzaien kostaldean ibiltzeko eta egun polita pasako zutela imajinatu dut. Hendaian harrapatu ditut, irakurraldira joan omen direla-eta. Ziburun erositako liburuekin ezin muga pasa eta akaso horiek irakurtzera joan dira ARGIAkoak Hendaiara?

“Kaskatu egin al haiz? Batzuetan gehiegi korapilatzen ditun hire burutazioak!”, erantzun dit algaraka lagunak. “Ez neska, Hendaian hamar urte zeramatzatenan gai bat hartu eta haren bueltan irakurraldia egiten, gai horren inguruko hainbat testu irakurleen ahotsetan jartzen. Aurten ARGIA izan dun irakurgaia ehungarren urteurrena aitzakia hartuta, eta gu ere egokitutako idatzia irakurtzera joan gaitun”.

Polita izan dela kontatu dit, laurogei bat lagunek hartu dutela irakurle-papera. Tartean izan dira ARGIAko historiko batzuk (gure etxean ARGIAko mitikoak esango genuke): Asisko Urmenetak Antton Olariaga marraztu du Maitena Urmenetak Olariagari buruzko artikulua irakurri bitartean, Amets Arzallusek Evo Moralesi egindako elkarrizketaren pasarteak irakurri ditu, hirukote enpeinatuak (Josu Landa, Malores Etxeberria eta Joxe Mari Ostolaza) Sustrai Colinak Argiaren mendeurrenaz jarritako bertsoak abestu dituzte, Lander Arbelaitzek Joxe Mari Ostolazari egindako elkarrizketa leitu dute Ostolazaren gertukoek… Musikaz lagunduta ospatu dute X. Irakurraldia, atarian izan baitira Baigorriko gaiteroak eta amaiera aldera flautak goxatu baitu aretoa. Mikel Asurmendik, Nagore Irazustabarrenak eta Pello Zubiriak beren atalak nola osatzen dituzten azaldu dute, eta Bego Zuzak gaur egungo ARGIAren antolaketaz hitz egin du.

Hendaian ez dute Ziburun erositako libururik irakurri, argi geratu zait. Baina kontatu didate egun polita izan zela larunbatekoa ere, lehen urtea izanik ez zela jende pilaketarik izan mahaien aurrean, baina Argiaren estiloan, txikitik eta komunitatean, oso gustura egon zirela Baltsan Elkarteko kideekin eta liburu eta disko artera gerturatutako ARGIAren lagun guztiekin.

ARGIAko lantaldea oso eskertuta dago azken asteetan Lapurdiko kostaldean piztu den giroarekin eta mendeurrenaren ospakizunak mugak gainditzen laguntzeagatik. Esker hitzak dituzte zonalde horretako harpidedunekin harremana sendotzeko aukera ireki dietelako bi ekitaldien antolatzaileek: Baltsan elkarteak eta Akelarre elkarteak. Esker hitzak Ziburuko azokan mahaia jarri zuten argitaletxeentzat eta bertaratu ziren kulturzaleentzat. Esker hitzak Hendaian artikulua irakurri zutenentzat. Esker hitzak ARGIA lau haizetara zabaltzen laguntzeagatik.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.