[Itsaso Zubiria Etxeberria] Haria ez nuen ezagutzen. Paperezkoak bai, erabiltzaile gara, Garoa liburu-dendaren jarraitzaile, eta pozarren jasotzen ditugu paperezko itsasontziak hilero bidaltzen dizkigun altxorrak. Antzeko funtzionamendu eta helburuak dituzte, ipar eta hego; haur literaturaren pilulatxoak harpidedun txikiei postontzira bidaltzea, euskaraz osatzen joan daitezen emozio eta oroitzapenen poltsatxoa belaunaldi berriak. ARGIAren Abentura erraldoia aukeratu dute Haria-ko lagunek, Saratik (Lapurdi) mundura erraldoien magia zabaltzeko.
Xeheago eta praktikan azaltzeko: Hilabetero, euskaraz argitaratuak diren liburu berrien artean bat aukeratu eta proiektura harpidetuta dauden familiei etxera bidaltzen zaie postaz. “Arta handiz hautatu liburu bat eskuratzen du haurrak, bere adinarentzat egokia”, irakur daiteke www.haria.eus webguneko azalpenean. Liburuarekin batera helduei zuzendutako dokumentu bat ere gehitzen baitute, istorioaren lerro nagusiak, aipatzen diren gaiak eta aholku zenbaitekin; beti ere haurrarekin solastatzeko lagungarri. Eta, hori gutxi balitz, ipuina entzuteko audio bat ere izaten du, guraso erdaldunentzat egokia, “haurrarekin goxoki jarri eta ipuina euskaraz entzuteko”. Orain dela gutxi, proiektua bera itzulpenak argitaratzen hasi da eta lehen liburua ere ekoitzi du.
Abentura erraldoia liburuaren 72 ale erosi dituzte eta pakete polit batean bilduta jaso du harpidedun bakoitzak etxean. Mirentxu Ibargarai da Haria. Ametsak ehundu egitasmoaren sortzaile eta gidaria. Ikastolako irakasle eta guraso, Haur eta Gazte Literaturan formatzen ari da azken urteetan eta hala azaltzen du liburuekiko bere pasioa: “Ene haur eta ikasleentzat, euskarazko liburuen miatzen ibiltzea gustatzen zait: istorio eta ilustrazio ederrekilakoak, gogoetaratzen, irri eginarazten, hunkitzen dituzten liburu landuak, behin eta berriz irakurtzeko eskatzen dizkidatenak, baita ere bakarrik irakurtzeko kalitatezko lehen irakurketak”. Hortik abiatuta eta euskara ardatz, honakoa dio: “Liburu bat irekitzea haur eta gurasoaren artean une bat partekatzea da, ongizate eta goxotasun une bat. Euskarazko liburu bat irekitzea hau guzia da, euskaraz. Eta euskarazko liburu bat irekitzea erabaki bat da. Euskarazko liburuak etxeetara sarrarazteak hizkuntza hauspotzen du eta euskaraz irri eginez, euskaraz hunkia izanez, bere haurrarekin une bat euskaraz partekatuz, etxean ere hizkuntzari espazioa eta denbora ematen zaizkio”.
72 familiak Abentura erraldoia etxean jaso dutela pentsatze hutsa ederra da. Atzetik duen indar guztia jakinda, are ederragoa.
The post ‘Abentura erraldoia’ 72 etxetara heldu da appeared first on ARGIAren barrenak.
Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.