2018 izan da ARGIAeko historian 3 milioi orri bisitatuen langa gainditzen duen lehen urtea. Azken urteotako joera errepikatu da aurten ere: aurreko urteak ezarritako bisita kopurua gainditzea. Eta bada bestelako berritasunik: lehen aldiz telefono mugikorretik ARGIAra sartu direnak gehiago dira ordenagailuz bisitatu gaituztenak baino. Ondoren bildu ditugu 2018an gehien irakurri direnak artikuluaren estiloaren arabera.
Alde handiz ARGIAko orririk bisitatuenak albisteak dira. Jarraian bisita gehien izan duten bost albisteak:
Alde handiz artikulu hau izan da aurtengo edukirik ikusiena ARGIAn. Altsasuko gazteen aurkako epaiketan, Guardia Zibileko teniente baten emazteak –Maria Jose izenekoa–, behin baino gehiagotan adierazi zuen auzipetuetako bat, Adur Ramírez de Alda, kamiseta gorriz jantzita zegoela erasoak gertatu ziren gauean. Altsasuko gazteen gurasoek igorri duten argazki honetan argi ikusten da hori ez dela egia. (Axier Lopezek idatzitako artikulua)
Bederatzina urteko espetxe zigorra ezarri zien Nafarroako Auzitegiak berak baldintzapean aske utzi zituen ekainaren 21ean La Manadako kideak.
Otsailaren 16an Chrysallis EH Elkarteak jakinarazi zuen: Ondarroako Ekai gaztearen amak semearen gorpua hilik topatu zuen aurreko egunean. Gizarte osoak galdutako borroka dela nabarmendu zuten.
Egoitz Txurrukak martxoan Twitterren salatu zuenez, Bilboko Las Bovedas tabernako zerbitzari bat oldartu egin zitzaion edariak euskaraz eskatu zizkionean. Haserre eta jarrera desafiatzailearekin zuzendu zitzaion, berari gazteleraz hitz egiteko aginduz.
Ipar Irlandako Apelazio Auzitegiak behin betiko erabakia eman zuen uztailaren hasieran: legearen kontrakoa da Mallusken eraiki nahi zuten erraustegiari emandako baimena. Goi funtzionario batek baimen hori eman izana Ostiral Santuko akordioen kontrakotzat jo dute epaileek eta balio gabe utzi. (Zero Zaborrek idatzitako artikulua)
Mikel Garciak osatutako erreportaje hau izan da astekariko erreportajerik irakurriena iaz. Ezagutu nahi Zizurkilgo San Millan eta Abaltzisketako Txalburu eskola publikoak?
Juan Sebastian Elkano mertzenario sartutako itsas-gizon getariarra eta haren Mundu Biraren V. Mendeurrenaren ospakizunen inguruko lana. Axier Lopezek idatzitako erreportajea uztailean argitaratu genuen, Getariako Elkanoren Lehorreratzea baino egun batzuk lehenago. Arrabotsa eragin zuen.
Eskola segregazioari buruzko gaiak beti pizten du zeresana, eta horren froga da Mikel Garciak irailean idatzitako erreportajea. Maila sozioekonomiko baxuko ikasleak ikastetxe jakinetan kontzentratzeko joera gero eta handiagoa da Euskal Herrian; datuek argi diote. Ikastetxe horietako errealitatea, beharrak, aldarrikapenak eta pozak ekarri zituen.
40 urtetan asko aldatu da egoera politiko eta soziala, baina hein berean aldatu al dira jai gune alternatiboak? Aro politiko berrian, aurreko garaietatik datozen inertziak ezbaian jartzen hasi dira eta jaiak ere ez dira salbu. Axier Lopezen erreportajea Gakoak urtekarian.
Arrazoi pertsonalak eta sozialak tarteko animatu dzen Iratxe Osoro jendaurrean anorexiaz hitz egitera: batetik, fase bati agur esateko, eta bestetik, gaiaren inguruko isiltasuna hausteko. (Danele Sarriugarteren elkarrizketa).
Jokin Azpiazu Carballok akademian, kalean, tabernetan bizitutako hausnarketa eta ekintzetatik ari da. Feminismoekin, LGTB+/queer mugimenduekin eta gizon taldeekin garatutako harreman eta militantzietatik. Maskulinitateari pribilegioetatik eta boteretik heltzea proposatzen du Masculinidades y Feminismo liburuan. (Z. Oleagaren elkarrizketa).
Inoiz joan bazara Donostiako Alde Zaharreko Rekalde tabernara, seguru barraren atzean ikusiko zenuela Agus Rodriguez, irribarrez, batekin edo bestearekin hizketan. Nor da, ordea? Bere hitzetan: “45 urteko gazte bat, euskaldun berri zaharra, donostiarra, semea, aita, anaia, lankidea, batzuetan nagusia, eta militantea”. Tabernaren azken urtearen atarian hitz egin zuen berarekin Danele Sarriugartek.
Ez gara bakarrik buru, gorputza ere bagara, baina burmuina lantzeari eskaintzen zaio ahalegin gehien eskolan. Zein presentzia eta zein leku du gorputzak hezkuntzan? Nola landu berau? Nola eragiten du ikasleen gorputzetan ikastetxeetako espazioen antolaketak? Zein modutan bizi dituzte ikasleek gorputzeko aldaketak? Galdera horiek argitzen saiatu zen Mikel Garcia mahai-inguru honetan.
“Hamarkadetan, beste espazio politikoak baino gazteagoa izateaz harro zegoen ezker abertzalea zahartu egin zaigu bat-batean. Hori guztia, borroka armatua alde batera utzi eta baldintzak hobetuko zitzaizkiola uste zenean gertatu da. Zergatik, baina?”. Unai Apaolazaren haunarketa.
“Modu kezkagarrian ari dira zabaltzen gure herri askotan, eta bai hezkuntza-komunitateko zenbait eragileren artean ere, ikastolen eta eskola publikoen arteko lehia eta mokoka aritzeko jarrerak. Elkarrekiko itxura gabeko deskalifikazioak eta mespretxuak. Noizbehinka, zenbait iritzi-artikulutan ere, adierazpen oso dogmatikoak irakurtzen ditut”. Tasio Erkiziaren iritzia.
“Euskaraldia, EAEko instituzio nagusi guztietan PSErekin gobernatzen duen PNVk Topagunearekin izenpeturiko akordio estrategikoa da, ez nik hala esaten dudako, beraiek publikoki 2017ko Udaltopean horrela aurkeztu eta definitu zutelako baizik. Eta Euskaraldia da PNVk, bere bailitzan, Gasteizko Legebiltzarrean euskalgintzaren ordezkaririk gabe aurkeztu zuen egitasmoa”. Joseba Alvarezen artikulua.
“Gure telebista publikoak, euskara eta euskal kultura bultzatzeko helburuarekin sortu zen hark, bere kate arrakastatsuena espainiar erreferentzialtasuna lantzeko baliatzen du. Gaztelania hutsean izatea eta euskararen presentzia hutsaren hurrengoa izatea gutxi ez, eta espainiar kultura dominantea asimilatzeko makinariaren parte da ETB2”. Estitxu Garairen iritzi artikulua.
Bere herriari buruz azaroan Imanol Epeldek blogean egin zuen hausnarketa hau izan da 2018an gehien ikusitako bideoa, sare sozialetan azkar zabaldu zen eta.
Euskara munduko hizkuntza zailenetako bat dela dio mitoak. Euskara ikasi duten hainbat atzerritarren testigantzak batu dituzte iaz askotan ikusi zen bideo honetan.
Azaroan Sortuko Kontseilu Nazionaleko kide Eneko Compainsen eta ‘Kolitza’ren arteko mahai-inguruari buruz Axier Lopezek egindako artikulua izan zen iazko kronikarik irakurriena.
Martxoaren 8aren harira Euskal Herriko Mugimendu Feministak antolatutako grebari egin genion segimendua izan zen irakurriena, iaz egin genituen jarraipenen artean.