2019-06-24 07:37

Evo Morales 2006ko otsailean hautatu zuten lehen aldiz Boliviako presidente. Amets Arzallusek urte horretan egin zion elkarrizketa. Argazkia: Txomin Txueka.

[Miren Osa Galdona] Ikus-entzunezkoen kultura gizartearen erraietaraino sartua dagoen garaiotan, poltsikoan eskua sartu eta edozer grabatzeko gai garen honetan, zaila da halako erraztasunik gabeko garaia oroitzea. Bada, duela hamahiru urte baino ez da atzera egin behar ARGIAk sareratutako lehen bideoaren arrastoa aurkitzeko.

2006. urtea zen. Xabier Letona eta Pello Zubiria VilaWebeko erredakzioan egon berriak ziren, eta Katalunia aldean kamerekin saiakerak egiten hasiak zirela ikusita, ARGIAn ere gauza bera egin zitekeela otu zitzaien. Ezezaguna eta urrunekoa zirudien mundu batera sartu behar zirela jakinda, ulergarriena proba apal batekin hastea izango zen, Euskal Herriko pertsonaia esanguratsu bati eginiko elkarrizketa irudiz jasoz, esaterako. Ez litzake, ordea, ARGIAren estiloa izango: Amets Arzallusek eta Txomin Txuekak Boliviara egin behar zuten bidaia baliatuz, korrika eta presaka eskuko kamera bat erosi eta esperimentuari ekin zioten. Emaitza? Evo Morales Boliviako presidenteari eginiko elkarrizketa da ARGIAk ekoiztutako lehen lana.

Txomin Txueka arduratu zen kameraz, argazkilaria izanik gaitasun eta esperientzia gehiago baitzuen. Elkarrizketa azkarra eta laburra izan zela du gogoan Arzallusek, eta agintarien ohiko protokoloetatik aldenduta, “gertukoa eta pertsona sinple” gisa deskribatu du Boliviako presidentea. Ñabardura bat gehitu dio Arzallusek aurreneko bideoaren istorioari: “Lehen bideoa, izatez, La Paz hiriburuan ugariak diren kale zapatari bati egin genion elkarrizketa izan zen. Harekin probatu genuen nola funtzionatzen zuen eskuko kamera hark”.

Tramankulu berriarekiko inongo ezagutzarik eduki gabe eginiko lana izan zela dio Arzallusek, berak behintzat ez baitzekien nola funtzionatzen zuen kamera batek. Gaur egundik begiratuta “bertigo pixka bat” ematen diola aitortu du, baina lilura handiko “esperimentua” izan zela dio. Iritzi berekoa da Eli Pombo, 2006an ARGIAko interneteko arduraduna zena. “Gogo eta ilusio handiarekin” eutsi zion bideoa muntatzeko erantzukizunari. Gauza berria zenez, uste baino ordu gehiago eskaini behar izan zizkion, baina harro dio lehen bideoaren parte izatea “ohorea” dela. Irakurleen artean harridura sortu zuen, ARGIA bezalako hedabide txiki batek halako proiektua plazaratzea ez baitzen jendeak espero zuena. “Harrera oso ona izan zuen, baita etxe barruan ere: ilusio handiarekin heldu genion ikus-entzunezko esparruari”.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.