2019-12-12 15:42

[Koldo Izagirre] Geroztik kopuru gizenagotan dabil emakumea bizitza publikoan eta erakunde politikoetan. Euroganberan, ehuneko hogeita hamasei dira. Estatu barruko legebiltzarretan ere poliki ugaritu zaizkigu. Zenbat aldiz hartzen du ordea hitza emakumeak legebiltzarretan? Gizonezkoen batez bestekotik urruntxo. Zenbat minutu emakumezkoen hitzak gizonezkoen jarioaren aldean? Gutxitxo. Ez nagiak direlako: bestelako funtzioak betetzen dituzte, lan handia egiten dute, oro har, gizonezkoek hastio dituzten batzordeetan.

Beste edozein alorretan gertatzen direnak pairatzen ditu politikan emakumeak: onargarri ez diren SMSak, gonbidapen zikinak, lauso zaindu batean bildutako mehatxuak, alderdi barruko arjoak… Emakumeak onartu beharko du higuinkeriarik ardura handiagoko postuetara helduko bada.

Baina politikan ere maila apalekoek pairatzen maizenik eta gordinen sexu bortizkeria: diputatuen prentsa arduradunek, idazkariek, laguntzaileek. Eta kontu gero ezer salatu, jazarlea zuritzearekin batera kenduko dizute lanpostua! Palais-Bourbon zoragarriaren barruan, Paris delikatuan, diputatuen kolaboratzaile femeninoetan bostetik bat dira irain sexisten eta portaera deserosoen biktimak. Lotsa, errudun izatearen sentipena, bakardadea. Eta militantearen kontzientzia dudamudatan: salatuko banu, alderdiaren irudia zikinduko nuke.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.