2019-11-15 13:15

[Koldo Izagirre] Erromatik: Migel Olano apezpiku. Hamasei urte uhartean, gaztea eta jantzia. Uhartea, Guam, Lakarozko kaputxinoen misioleku kutuna. Kontsakrazioa Europan. Erroman Aitadonearekin solastatu zen amerikarrek egiten zituzten presioez. Donostiako katedralean kontsakratu 1935eko maiatzaren 5ean, Irun eta Errenteria uholdeak hartuak zeuzkala. AEBetara jo zuen gero, politikoekin eta militarrekin biltzeko. Ez zuen uhartea haien esku utzi nahi. Gold Star baforean itzuli zen Guamera arimak salbatzen jarraitzeko. Sumatu bezala, ordurako Aitadoneak Detroiteko kaputxinoei emana. Nahastea areagotzeko japoniarren inbasioa, II. Mundu Gerra laster. Misiolariak atxilo 1942an. Espainia neutraltzat zeukatenez, libre utzi zituzten Tokion, jesuiten ardurapean. Goa, Bombay eta Australian zehar Guamen berriro 1945ean. Gogor, Olano. Elizak berreraikitzen saiatu, txamorroz eta ingelesez predikatu, hitz egin… 1945eko abuztuan New Yorkeko Spellman apezpikua mezulari, Erromaren aholkua eskura: utz zezala mitra amerikarrentzat.

− Alde egiten badut, txamorroz dakien misiolari bakarra geratuko da ordea!

Hantxe dago oraindik altzotarra, Dulce Nombre de Maria santutegiko kriptan. Gero eta hiztun gutxiago txamorrok.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.