2019-06-28 10:10

[Koldo Izagirre] Komunistak herriaren adiskideak ote diren? Jakina, komunistak herriaren adiskideak dituzu. Eta sozialistak. Eta laboristak. Eta zentristak. Eta demokratak. Eta errepublikanoak. Eta eskuindarrak. Eta populistak. Eta Google. Eta Facebook. Eta YouTube. Eta Uber. Eta Gobernuz Kanpoko Erakunde guztiak. Hainbeste adiskide ditu herriak non ez baitauka astirik herri izateko ere, guztiei eskerrak eman beharrez akitzen zaio bizitza. Adiskidetasunez itoa dago, egizu kontu ez dela mugitzen ahal adiskideek laguntzeari uzten dioten arte, herria. Beti dago hor, sekula gu bat izatera iristen ez den espezie babesgarri, karitate politikoa praktika diezaioten, herria.

Baina izan, misiolariak dituzu herriaren zinezko adiskideak. Bere hizkuntza ikasten dute, herriarena, eta bere hizkuntzan egiten diote berba, herriarenean, apalki mintzo, herriari. Irakurtzen irakasten diote eta bere ipuin zaharrak idazten dizkiote bere hizkuntzan. Herria, lehen, zabarra zen. Orain eskolatua da. Badaki bereizten ona eta gaiztoa, egia eta ustea, magia eta zientzia. Adiskideek hainbat ikasi du eta prest dago bere buruaren etsai bihurtzeko bere hizkuntzan.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.