2019-10-13 12:44

[Miren Osa Galdona] Ezerk gutxik izango du herri honetan mahai batek duen ahalmenik jendea biltzeko, baina nekezagoa izango da 1.000 lagun goi-mailako bazkari baterako elkartzea. Horra Argiaren ideia zoro ederrenetarikoa: 1980ko irailaren 28an egin zen makro-bazkaria. Juan Mari Arzak, Karlos Argiñano edo Pedro Subijanak, besteak beste, prestatu zuten menua, euskal sukaldaritza berriaren lehen labealdiko protagonisten herri aurkezpena izan zen ekimenean.

Bertan izan zen Elixabete Garmendia, orduko ARGIAko lan-taldean baitzebilen. “Euskal munduaren bilkura handia” izan zela dio, euskalgintzako eta euskal kultur munduko hainbat pertsona erreferente bildu baitziren Donostiako Balda pilotalekuan: Amuriza eta Lopategi bertsolariak, Ramon Labaien Kultur sailburua, hedabideetako kazetariak eta makina bat herritar eseri ziren mahaiaren bueltan, besteak beste. 120 boluntario arduratu ziren dena prestatu, bazkaria zerbitzatu eta pilotalekuari jatetxe dotore baten itxura emateaz; mahaiak oihal zuriz jantzi eta lore sorta bana jarri zuten bakoitzaren erdian.

Zerbitzarietako bat Elixabeteren ahizpa izan zen, guztia prestatzeko inguruko senide eta lagunak lotu baitzituzten: “Ez dut gogoan zer jan genuen: lehen platera arrain pastela izan zela esango nuke, eta gerokoa, argazkiei begiratuz, marmitakoa edo haragia saltsan izan zela esango nuke”. Dena primeran joan izanaren oroitzapena du, lehen plateretatik hasi eta kafe, kopa eta puruetaraino. Diziplina zorrotzaren “erruduna” Euskal Herrian Euskaraz ekimeneko kide zen Jose Luis Alvarez Santacristina Txelis izan zela dio Garmendiak, bera arduratu baitzen profesionalak ez ziren boluntarioak ballet dantzariak bailiran jartzeaz.

Zeruko izateari utzi eta ARGIA bihurtzeko garaia zen, eta kontu ekonomikoek itotzeraino estutzen zuten, aldizkariaren etorkizuna ezbaian jartzeraino. “Bazkaria ez genuen soilik dirua lortzeko antolatu, nahiz eta helburu nagusia hori izan; prestigioa ere lortu genuen”. Orduan gazteak ziren sukaldariek ere euren lana gizartearen aurrean aurkeztu zuten, eta mahaikideei aukera eman zien jatetxe garestietakoak izan ohi diren platerak dastatzeko.

Ekimen erraldoi hark ez zituen ARGIAren arazo ekonomikoak kitatu, baina “aho zapore ederrarekin” geratu ziren bai antolatzaileak baita bertaratutakoak ere. Ez al da mendeurrena aitzakia ederra beste bazkaritzar batean biltzeko? Oso bestelako formato batean, baina hori bera egingo dugu urriaren 12an 14:00etan Trinitate plazan. Oraingoan Argiak Saizar sagardoa, mahaiak eta aulkiak jarriko ditu, eta norberak eramango du bere etxeko sukaldaritza berriaren fruitua jateko.

Artikulu hau egilearen RSS jariotik automatikoki ekarri da hona. Baliteke jatorrizko artikulua luzeagoa izatea, eta hemen irakur dezakezu.
Kazetaritza independentea egiten dugu. Txikitik eragiten.