2018-05-10 09:52

Udako oporretarako plan bila zabiltza? Kirola egitea atsegin baduzu, giro euskaldunean murgildu edo jendea ezagutu nahi baduzu, abentura ederra proposatuko dizugu: barnetegi ibiltaria!!

Barnetegi ibiltariak, oinez zein bizikletaz, naturarekin harreman estuan egiten dira. Hauetan ez dago eskola ordurik, batez ere, mintzapraktikara bideratuta daudelako. Hori bai, arduradunak irakasleak dira eta beti egoten dira prest edozein zalantza argitzeko edota zuzentzeko.

Oinezkoan, Hondarribitik Izabara abiatuko gara motxila txikia (guztion trasteak laguntza-furgonetan eramaten ditugu) hartuta, eta, bizikletazkoan, pedalei ekinez, Debatik Etxarri-Aranatzera.

Interesa baduzu, gorde datak: uztailaren 16tik 30era.

Informazio gehiago eta izen-emateak HEMEN.

Udaran euskara ikasteko aukerak ugaritu egiten dira, eta horren isla dira AEK-k uztailetik irailera bitartean abian jarriko dituen era guztietako barnetegi eta ikastaroak: ikastaro trinkoak, on-line, barnetegiak, azterketak prestatzekoak, familia barnetegiak...

Gozatu udako plazer txikiak AEKn!

AEK
AEK-k (Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea) euskararen berreskurapena eta Euskal Herriaren berreuskalduntzea ditu helburu. Helduen euskalduntze alfabetatzean aritzen den elkarterik garrantzitsuena dugu eta, Euskal Herri osoan lan egiten duen bakarra, administrazio-banaketen gainetik. 100 euskaltegi eta gau-eskola baino gehiago eta 600 irakasle inguru ditu. Bi urterik behin, AEK-k Korrika antolatzen du, euskararen aldeko ekitaldirik garrantzitsuena.