2018-06-25 13:08

Ikasturte amaierarekin batera, AEKren PRAKTIKATU zerbitzuak inkesta egin du mintzapraktika egitasmoen parte hartzaileen artean: berbalagun, mintzalagun, mintzakide... Emaitzen artean, honako puntu hauek nabarmendu nahi ditugu:

  • Balorazio orokorra: parte hartzaile gehienek (% 88,7k) OSO ONDO edo BIKAIN baloratzen dute egitasmoa. Halaber, oso ontzat jotzen dute PRAKTIKATUko dinamizatzaileen lana; eta, oro har, esker oneko hitzak besterik ez dugu jaso haien esfortzua dela-eta. Beraz, ikasturtea pozik egoteko modukoa izan da.
  • Euskararen erabilera: inkestan parte hartu dutenen gehiengoak (% 87,2k) aitortu du aldaketa bizi izan duela euskararen erabileran: % 44k dio askoz gehiagotan egiten duela euskaraz egitasmoan dabilenetik; beste % 43,2k esan du gehiagotan egiten duela.
  • Euskaraz egiteko aukerak: agendek eta ekimenek, mintzodromoek, Kirola eta Natura programak eta gurasolagunentzako eskaintza berezituak oso harrera ona izan dute. Beraz, aurrera jarraituko dugu. Bestalde, inkestan aukera ere egon da proposamen berriak egiteko; horiek, jakina, lekua izango dute hurrengo plangintzetan.

PRAKTIKATUtik, inkestari erantzuten emandako denbora eskertu nahi diegu parte hartzaile guztiei, eta euskara praktikatu eta bizi nahi duten lagunak animatzen ditugu mintzapraktika programetan esku hartzera.

AEK
AEK-k (Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea) euskararen berreskurapena eta Euskal Herriaren berreuskalduntzea ditu helburu. Helduen euskalduntze alfabetatzean aritzen den elkarterik garrantzitsuena dugu eta, Euskal Herri osoan lan egiten duen bakarra, administrazio-banaketen gainetik. 100 euskaltegi eta gau-eskola baino gehiago eta 600 irakasle inguru ditu. Bi urterik behin, AEK-k Korrika antolatzen du, euskararen aldeko ekitaldirik garrantzitsuena.