2021-09-21 08:03

Duela hiru urte ezartzen hasi zen lehendabiziko plana amaitu da, baina, era berean, Osasunaren eta AEKren arteko hitzarmen berria sinatuta, bi erakundeek elkar hartuta segituko dute. C.A. Osasunaren estatutu sozialek dioten moduan, gaztelania eta euskara direla klubaren berezko hizkuntzak, eta, ondorioz, biak erabiliko direla normaltasunez jarduera guztietan. Bada, xede hori bat dator AEKren misioarekin: herritarrek eta eragileek, egunerokoan, euskara normaltasunez erabiltzea.

Gainera, oraingo abiapuntua bestelakoa da; azken hiru urteetan, Osasunak aurrerapausoak eman ditu eta horretan ari dira lanean. Hainbat eremutan euskararen presentzia eta erabilera areagotu da, baina argi dago oraindik ere lan handia dagoela egiteko, eta, beraz, beharrezkoa bezain pozgarria da AEKren AHIZE hizkuntza aholkularitzak gidatzen duen planaren berritzea.


Bideoa hemen

 

AEK
AEK-k (Alfabetatze Euskalduntze Koordinakundea) euskararen berreskurapena eta Euskal Herriaren berreuskalduntzea ditu helburu. Helduen euskalduntze alfabetatzean aritzen den elkarterik garrantzitsuena dugu eta, Euskal Herri osoan lan egiten duen bakarra, administrazio-banaketen gainetik. 100 euskaltegi eta gau-eskola baino gehiago eta 600 irakasle inguru ditu. Bi urterik behin, AEK-k Korrika antolatzen du, euskararen aldeko ekitaldirik garrantzitsuena.